Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa jokatuko dute larunbatean Antsoainen

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 16a, 15:00

Beti Gazteko laukote mistoa Euskal Herriko txapelketan.

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako pisu astunenetako txapelak erabaki ondotik (Beti Gazte izan zen txapeldun emakumezkoetan eta Berriozar gizonezkoetan), maiatzaren 17an txapelketa mistoa jokatuko dute Antsoainen, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Berriozar A, Berriozar B, Berriozar C, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B lehiatuko dira larunbatean 17:00etan hasita.

Pisu arinak azkenik

Maiatzaren 24an pisu arinenen lehia hasiko da, Nafarroako 4x4 txapelketan. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko jardunaldia ere bi zatitan eginen dute: Amaiur, Antsoain A, Antsoain B, Araxes, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria hauetan. Helduekin batera, kadete mailakoek ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Hamar talderen artean, Basaburua izanen da eskualdeko bakarra.

Txapelketa akitzeko, maiatzaren 31n Elizondon jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko eta kadeteen jardunaldi bakarretako bigarren zatia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun