2013 eta 2021 urteen artean sortutako haurrek parte hartzen ahal dute Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako udalekuetan. Plaza kopurua mugatua da eta hortaz, izena eman ahala onartuko dituzte eskaerak, plazak agortu arte. Bortzirietan, bakoitza bere herrian, eta bertako ikastetxeetako D eta B ereduetan matrikulatuak daudenek izanen dute lehentasuna; horren ondotik, Bortzirietan erroldatuak izanda ere, eskualdetik kanpoko ikastetxeetan D ereduan ari direnek; segidan, Bortzirietako ikastetxeetan D eta B ereduetan ikasten ari direnek, nahiz eta eskualdean erroldatuak ez izan; eta bukatzeko, Bortzirietan erroldatuak ez izanda ere, eskualdetik kanpo D ereduan ikasten ari direnek.
Datak, ordutegiak eta elkartzeko tokiak
Arantzan, Bera, Etxalarren eta Igantzin ekainaren 30etik uztailaren 24ra izanen dira udalekuak, lau astez. Arantzan eskolan bilduko dira neska-mutikoak begiraleekin, Beran Ricardo Baroja eskolan eta Labiaga Ikastolan, Etxalarren ere eskolan eta Igantzin re bai.
Lesakan, berriz, uztailaren 14tik abuztuaren 29ra izanen dira udalekuak, zazpi astez, eta Irain eskolan bilduko dira.
Izen ematea
Izen ematea lotura honetan egin behar da eta izena ematean, bakoitzak nahi dituen astean aukeratu beharko ditu. Horrekin lotuta, ekainaren 16tik 19ra bitarte izena emateko bigarren epea irekiko dute, soberan gelditu diren tokiak eskainiz. Epe horietatik aparte ez dute izen emateko gehiago onartuko. Hala ere, behar bereziak dituzten eta begirale bat propio behar duten haurren kasuan, izena emateko epe bakarra izanen da: maiatzaren 31ra bitartekoa. Gehiago ere bai: udalekua antolatzeko herri bakoitzean guttienez hamabortz haurrek apuntatu beharko dute.
Aurtengo berrikuntzak
Aurtengo udalekuak hainbat berrikuntza izanen dituztela erran du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Alde batetik, herri guzietan bi ordutegi izanen dira aukeran: 09:00etatik 13:00etara edo 10:00etatik 13:00etara. Ordutegia izena emateko momentuan aukeratu beharko da eta horren arabera, prezioa ere aldatuko da.
Bertzetik, matrikuletan deskontu sistema aldatu dute: Deskontuak Bortzirietan erroldatuak dauden haurrei bakarrik aplikatuko dizkiete. % 20 deskontua izanen dute guraso bakarreko familiek, familia ugariek edota bi anai-arreba edo gehiago apuntatzen dituztenek; eta % 50eko deskontua izanen dute egoera ekonomiko zaurgarrian daudela egiaztatzen duten familiek. Deskontuak ezin izanen dira pilatu. Ordainketa izena emateko momentuan egin beharko da, txartelarekin, eta epea bukatuta ezin izanen da apuntatu.