Mendi Itzulian parte hartu nahi dutenei aitzinetik izena emateko eskatu diete antolatzaileek. Horretarako, hemen sartuta egin daiteke. Hala ere, egunean berean ere izena emateko aukera egonen da elkartearen egoitzan 06:30etik 07:30era. Federatuek 13 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek 15 euro.
Bi ibilbide aukeran
Ibilbideei dagokionez, bi izanen dira aukeran, luzea eta motza eta biak Agerratik aterako dira 07:30ean. Bi ibilbideen lehen zatia elkarrekin eginen dute.
Agerran atera eta Manttale igoko dute lehendabiziko eta handik Ibardinetik eta Intzolatik pasatuta Iasolako Bentara joanen dira. Bertan banatuko dira bi ibilbideak. Ibilbide luzea egiten dutenak Larhungo tontorrera igoko dira. Larhundik jaitsiera Lizuniagan barna eginen dute eta Idoiako lepora igo, eta Larretagaianan barna, elkartean bukatuko dute bidea.
Ibilbide motza egiten dutenek, aldiz, Iasolako Bentatik Maletera jaitsiko dira, eta handik Idoiako lepora igoko dira. Ibilbidea bukatzeko Larretagaina igoko dute, eta handik elkartera joanen dira.
Intzolan, Larhunen, Idoiako lepoan eta Agerra Mendi Taldearen egoitzan parte hartzaileen denbora kontrolatu dute eta anoa guneak izanen dira. Gainera, Larhungo tontorrean eta elkartean osasun arreta emateko puntua paratuko dute.