Plataformak salatu duenez, «osasun zerbitzua okerrera doa». Horren gibelean «hornidura historiko eskasa» dagoela uste du: «bai azpiegiturak, bai profesionalak». Baina «baliabideen plangintza txarra eta profesionalen kudeaketa desegokia» gehitu behar zaizkiola adierazi du: «Hori dela eta, zenbait profesional Osakidetzako bertze eskualdetara, bertze autonomia erkidegoetara edo osasun pribatura joaten ari dira, lan baldintza hobeak lortzeko».
Azken hilabeteotan egoerak «okerrera» egin duela gaineratu du: «Kontsulta espezializatu batera joateko edo proba diagnostiko bat egiteko itxaron-zerrendak amaigabeak izaten segitzen dute; urteetan behar bezala funtzionatu duten zerbitzuak profesionalik gabe gelditu dira, eta, beraz, herritarrei arretarik eman gabe. Itxiak daude haur eta gazteen psikiatriako eta urologiako kontsultak, profesionalik ez dagoelako. Anbulatorioetan pediatrak falta dira, eta apiril hasieratik zentro batzuetan larrialdiak baino ez dituzte artatzen».
Gehiago ere bada. Erran duenez, «joan den apirilaren 13az geroztik, ez da larrialdi pediatrikorik artatu Bidasoa Ospitalean. Familiak Donostia Ospitalera edo Irun Zentroko pediatrarik gabeko LMA larrialdi zerbitzura bideratzen dituzte». Egoera horrekin ez dagoela ados azpimarratu nahi izan du Osasun Bidasoa plataformak, eta hori zerbitzua okertzen ari dela erakusten duen «bertze pauso» bat dela dio.
Manifestazioa maiatzaren 31n
Egoera ikusita, plataformak «kalitatezko osasun publikoaren alde mobilizatzeko» deia egin du: «Gurea dena defendatu behar dugu, herritarren eta profesionalen hainbertze ahaleginekin eraiki dena. Ezin dugu murrizketa gehiago onartu osasun zerbitzu publikoan». Horregatik antolatu dute maiatzaren 31ko manifestazioa: «Osasun Bidasoa plataformaren izenean, Bidasoko eta Bortzirietako herritarrei dei egin nahi diegu maiatzaren 31n, 18:30ean, Irungo San Juan plazatik aterako den manifestazioan parte hartzeko».
Manifestazioaren bidez, «Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdi zerbitzua ixtearen kontra» daudela erakutsi nahi dute, baita «haur eta gazteen psikiatriako kontsultak itxi izanaren kontra» ere, edo «urologiako kontsulta ixtearen edo itxaron-zerrenda amaigabeen kontra, anbulatorioetan familia mediku eta pediatra faltaren kontra eta Bidasoa eskualdeko osasun publikoaren kudeaketa txarraren kontra».