Euskara etorkizuneko zubi lelopean euskararen alde Nafarroako zubiak betetzeko deia egina zuen maiatzaren 10erako Sorionekuak ekimenak. Bortzirietako herritarrak Lesakako Bereauko zubi zaharrean elkartu ziren, Lesakako eta Igantziko dantzarien eta txistularien gibeletik joanda.
Irakurketa
Jon Abril Olaetxea beratarrak eta Mattane Rodriguez Etxabide lesakarrak ekitaldiko irakurketa egin zuten:
Nafarroa osoan zehar kokatuak dauden zubiak hartu ditugu gaur, euskara etorkizuneko zubi dela adierazteko, Sorionekuak eginiko deiarekin bat eginez.
Eta a zer paradoxa! Zubi gainean gaude, euskararen benetako zubiak! Sinetsita gaudelako hemen gauden guztiak, gutako bakoitza garela, euskara etorkizunera eramanen duten zubiak. Herritarrak gara euskara erabili, maitatu, bultzatu eta zabalduko dugunak; gu gara euskara ez dakien jendeari hurbildu, eta era berean ez dakitenak euskarara hurbiltzen lagunduko duten zubiak.
Kontziente gara zubiak eraikitzea ez dela gauetik egunera egiten den zerbait, herritarren posizioa eta pentsaera aldatzeak bere denbora behar duela, eta horretara goaz: euskararen aldeko bidea urratzera. Ahal bezainbeste jenderekin, ahal bezainbeste aliatuekin, bide konpartitu bat. Garai nahasi hauetan beharrezkoak diren zubiak eraikitzea, alegia.
Abestian kantatzen genuen bezala Sorionekuak gara gu, badugulako zubia, nondik abia, nora itzuli. Hatz bakoitzean milaka hitz ditugulako. Jarri genuen lehen aleari, bigarrena gehitu diogu orain.
Ez baikara atzera begiratzearekin konformatzen diren horietakoak, ez baitugu gure hizkuntzaren sustraietan gure burua babestea maite, pausoak ematearen aldekoak gara gu. Eta pausoak ematen jarraitu nahi dugu. Bidea egin. Etorkizunera zubiak eraiki nahi ditugu.
Euskarak gauza asko behar dituelako baina batez ere, herritar bultzada indartsua da behar duena. Eta horretan ari gara, eta gaur ere, hori egin dugu. Eta nola ez, egunerokotasunean bultza egiten jarraitzera dei egin nahi dizuegu! GORA EUSKARA!