Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun jardunaldiak antolatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 13a, 10:00

Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka irabazi duen lana aurkeztuko dute maiatzareb 29an, jardunaldiak bukatzeko.

‘Migrantas’ erakusketa Beran eta Etxalarren, aniztasun besta Lesakako Irain eskolan eta Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka irabazi duen lanaren aurkezpena eginen dute

Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun taldeak maiatzaren 21eko kultura aniztasunaren nazioarteko egunaren inguruan jardunaldiak antolatu ditu. Joan den urtean Beran lehenbizikoz Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun besta antolatu zen, eta aurtengo jardunaldietan immigrazioarekin, hizkuntza eta kultur aniztasunarekin, harrerarekin eta euskararekin lotutako hiru ekitaldi antolatu dituzte. Herritar, elkarte eta eragile oro gonbidatu nahi dituzte jardueretara bertaratu eta parte hartzera. Azpimarratu dute ekitaldiok bortziritar guzientzat antolatu dituztela ere, bertan zein kanpoan sortuak izan.

'Migrantas' erakusketaren irudietako bat.

‘Migrantas’ erakusketa Beran eta Etxalarren

Iraitz Arabolaza eta Parean elkartearen ‘Migrantas’ erakusketa ikusgai izanen da Berako Labiaga Ikastolako Areto Nagusian maiatzaren 16tik 29ra. Astelehenetik ortziralera, goizez, ikastetxeetako haurrentzat zabalik dago eta larunbatetan eta igandetan, 17:00etatik 20:00etara, nahi duen guztiarentzat irekia. Aurkezpena maiatzaren 16an, ortziralean 18:30ean, eginen dute euskaraz (aldibereko itzulpena izanen da gaztelaniara Telegram bidez). Jatekoa eta edatekoa ere izanen da. Ondotik, Etxalarko Pello Apezetxea Zubiri Kulturgunean maiatzaren 30etik ekainaren 6ra ikusteko modua izanen da, astelehenetik ortziralera, 16:00etatik 19:40era. Honen aurkezpena hilaren 30ean eginen dute, ortziralean, 18:30ean, euskaraz, aldibereko itzulpenarekin.

 

Aniztasun besta eginen dute hilaren 20an Lesakako Irain eskolan.

Aniztasun besta Lesakako Irain eskolan hilaren 20an

Maiatzaren 20an, asteartean 16:00etan, kultura aniztasun besta eginen dute Lesakako Irain Herri Eskolan. Dantzak, tailerrak, janari dastaketa eta kontzertua izanen dituzte.

 

Ikerketaren aurkezpena hilaren 29an Beran

Azkenik, Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka irabazi duten Paula Laitak, Jon Martinek eta Ane Osuak ‘Bortzirietako hizkuntza aniztasuna migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak’ ikerketaren aurkezpena eginen dute maiatzaren 29an, ortzegunean 18:30ean Berako Beralandetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun