Bestak 2025

[GUTUNA] Berako bestetan pilota jaialdi mistoaren alde

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 6a, 16:00

Berako bestetan egin ohi den pilota partidaren harira, honako adierazpena bidali du TTIPI-TTAPAra Kattalin Ezkerra Sobrino Berako Goldatzeko kideak. Adierazpenarekin bat egin dute eskualdeko hainbat eragilek eta Berako Udalari bestetan jaialdi mistoa egiteko eskatu diote.

Duela hiru urte inguru Berako bestetako pilota jaialdiaren inguruan eztabaida bat hasi zen, eta geroztik, herriko mugimendu feministak proposamen batzuk jarri ditu mahai gainean. Hurrengo idatzia herriko eta inguru bertze eragile batzuekin adostuta egin da:

Berako Udalari eskatzen diogu Berako bestetan pilota jaialdi mistoa antolatu dezan. Jaialdi bakarra izan behar da, bi partidaz egonen litzatekeena osatua: batetik, emakumezko pilotari profesionalen partida, eta bertzetik, gizonezko pilotari profesionalen partida.

Erabaki hau hartzea ezinbertzekoa iruditzen zaigu:

  • Berdintasuna izan behar delako irizpide. Bertzelako arrazoi, aurreiritzi edo ohituren gainetik berdintasuna izan behar da jaialdi hau antolatzerako orduan erdigunean jarri behar dena. Antolatzen diren ekintzetan aukera berdinak eskaini behar zaizkie gizonezkoei zein emakumezkoei, kasu honetan, partida bati zein bertzeari balio bera emanez, parte hartzaile guztiei aitortza eta espazio bera eskaini behar zaizkielako.
  • Garrantzitsua delako ekintza orotan emakumeen parte hartzea bermatzea. Euskal Herrian pilota bada kirolaren eta kultur identitatearen ikur garrantzitsu bat, eta garrantzitsua da gizonek eta emakumeek pareko ikusgarritasun eta jarduna izatea honen baitan. Jaialdi misto batek soilik ahalbidetuko luke hori.
  • Besten eta jaialdien balio sinbolikoan emakumeak parte aktibo izan behar direlako. Bestetan egiten diren ekintzak ez dira aisialdi-ekintza soilak, eta horrelako ospakizunetan dagoen parte hartzeak (edo ez dagoenak) gizartearen isla erakusten digu. Garrantzitsua da herri kohesiorako hain garrantzitsuak diren eremu hauetan emakumeei aitortza soziala egitea, bertzeei gisan dagokien eredugarritasuna emanez.

Honengatik guztiagatik, gizarte parekide bat eraikitzeko bidean Berako bestetako pilota jaialdi mistoaren alde egiten dugu.

Honako taldeek sinatu dute idatzia:

  • Goldatz Berako Talde Feminista
  • Kataku kultur elkartea
  • Lagun haundiak jubilatu elkartea
  • Marrako Bortzirietako Gazte Feministak
  • Ernai Bortziriak
  • Xulufrinak Lesakako Sare Feminista
  • Arantzako sare feminista
  • Mendialdeko GKS
  • Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feminista
  • Iñarrorri Baztango gazte feminista taldea
  • Plazara dantzara

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun