Berako Abesbatzak obra berri bat estreinatuko du maiatzaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 6a, 15:00

Kontzertu berezia emanen du Berako Abesbatzak maiatzaren 25ean, espresuki abesbatzarentzako sortutako obra bat aurkeztuko baitu: 'Mendetan zehar'. Emanaldia 12:00etan izanen da Berako Kultur Etxean.

Javier Busto musikariak Berako Abesbatzaren enkarguz sortutako Mendetan zehar obra estreinatuko du kontzertuan. Jose Angel Irigarairenak dira hitzak eta Bidasoa ibaiari buruzkoak dira.

Gainera, emanaldi berean entzuten ahalko da abesbatzak iazko abuztuaren 3an estreinatutako Bera obra ere. Josu Elberdin musikariak sorturiko pieza bat da eta Julen Zelaieta herritarrak paratu dizkio hitzak.

Bi lan horiez gain bertze hainbat kantu ere kantatuko dituzte: Ave Maria, Sanctus, Benedictus, Lascia Chio Pianga, Haurtxoa sehaskan, Kantuz, Goizian argia hastian, Viento del Norte, La Chaparrita, Baratze bat, Torrevieja eta Ilunabarra.  Abesbatza zuzentzen Fatima Gonzalez ariko da eta pianoa jotzen Maria Barredo.

40 ahotsek osatzen dute Berako Abesbatza eta 38 urteko ibilbidea dauka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun