Ainhoa Etxegarai beratarra garaile Xtreme Higa Monreal mendi lasterketan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 5a, 14:00

Ainhoa Etxegarai beratarra, Xtreme Higa Monreal mendi lasterketako podiumeko goitiko koxkara igotzen.

Gizonezkoetan bosgarren izan zen Luken Urtxegi igantziarra

Aiaramendi taldean ari den Ainhoa Etxegarai Elgorriaga beratarrak irabazi zuen igandean Elomendi kirol elkarteak hamaseigarren aldiz antolatutako Xtreme Higa Monreal mendi lasterketa. 400 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan. Emakumezkoetan, 21 kilometroko lasterketan izan zen bizkorrena Ainhoa Etxegarai. Bi ordu, 18 minutu eta 57 segundo behar izan zituen ibilbide gogorra osatzeko. Bigarren izan zen Ilargi Perezi ia zazpi minutuko aldera atera zion (2.25.54) eta ia hamar minutukoa hirugarren izan zen Irene Segurari (2.28.13).

Aipatzekoa da hiru hilabetez geldi eduki duen lesio baten ondotik lehen proba zela Ainhoa Etxegarairentzat eta kontent gelditu da emaitzarekin. Orain, Nafarroako 23 urtez beheitiko selekzioarekin joanen da Galiziara, Espainiako txapelketan parte hartzera.

Ainhoa Etxegarai, Elomendiko malda pikoa igotzen.

Gizonezkoetan, Jon Vegas izan zen bizkorrena (2.04.46), Xabier Tous bigarren (2..04.56) eta Moha Ouyart hirugarren (2.05.19). Aipatzekoa izan zen Luken Urtxegi Urra igantziarraren lasterketa, bosgarren izan baitzen (2.11.48).

Hamabi kilometroko lasterketan, Guratz Azpiroz eta Yelko Pardiñas gailendu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!