Altxata kultur eta kirol elkarteak seigarren aldiz antolatutako Etxalarko Mendi Itzulia egin dute maiatzaren 3an. Inoizko jendetsuena izan da, 549 mendizalek egin baitute, primerako eguraldiarekin.
Horietatik 320k ibilbide laburrena aukeratu zuten, 23,4 kilometro luze eta 1.262 metroko desnibelarekin: herritik abiatu eta Meaka, Errandoneko lepoa, Usategieta, Monon borda eta Murritxen bordan barna, berriz ere herrira bueltatu ziren. Gainerakoek luzea egin zuten, 31,2 kilometro luze eta 1.862 metroko desnibela zuena. Hauek hasiera eta bukaera berdintsua zuten, baina Usategietara joan baino lehen Mendiko Harri igo behar izan zuten eta, ondotik, Atxuria. Herriko 70 bat boluntarioen lana ere eskertu du Altxata elkarteak.
Argazki lehiaketa
Argazki lehiaketa da aurtengo edizioko berezigarrietako bat. Oraindik parte hartzen ahal da aste honetan. Mendi Itzulian argazkiak atera zituztenek Instagramen publikazioa egiten ahal dute @Altxata etiketarekin. Sariei dagokienez, lehen saria Gaineko borda landetxean 8 lagunentzat egonaldia izanen da; bigarren saria, Etxalarko ihes gelan sei lagunentzako bonoa eta hirugarren saria Kaiku produktu sorta.