«Ttiki-ttikitatik harreman estua» izan du Amaia Telletxea Larretxeak euskararekin eta halaxe segitzen du: «Nire bizia euskaraz da. Neure burua euskara gabe ez dut ikusten». Euskal filologia ikasi zuen eta ondotik, hamar urte pasatu zituen AEKn lanean. Gaur egun, Lehen Hezkuntzan ari da irakasle. Euskara du pasio, eta horren bueltan, beti prest da herrigintzarako. Hurbildik erreparatzen dio euskararen egoerari.
Zure inguruan zein da euskararen egoera?
Herrian, ondoko eremu batzuetan ongi ikusten dut. Baina apartexeago begiratuta, kaskartzen ari dela iruditzen zait. Jendeak hizkuntzarekiko kontzientzia guttiago du, euskalkiko hitzak galtzen ari dira, kanpoko euskararekin nahasi da, hika ez da solastatzen... Horrek nahigabea ematen dit. Gure garaian, euskarak motibatzen gintuen, euskararekin gozatzen genuen eta euskararen alde egiten genuen. Marra gorria paratzen genion erdarari eta mundu guziak bazekien guri euskaraz egin behar zigula. Euskaraz garela erakutsi eta sentiarazi ziguten, eta hori identitatearekin lotua dago. Hori aldatu da. Orain euskararen aldeko atxikimendua aunitzez ttikiagoa da eta bada euskaraz edo erdaraz batean edo bertzean aritzea igual-igual zaion jendea.
«Orain euskararen aldeko atxikimendua aunitzez ttikiagoa da»
TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?
Orain aunitzez errazagoa da erdara sartzea. Gu ttikiak ginenean telebistako huraxe, eta eskolakoa, bertzerik ez genuen, eta ETB hasi zenean, etxean hori bakarra ikusten genuen. Urteekin gizartea aunitz aldatu da, harremanak ezberdinak dira eta bertze hizkuntzekin kontaktu handiagoa dugu.
Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?
Bai. Aunitzetan, ez dago ongi solastatzeko interesik eta erdarara jotzea errazagoa egiten baldin bada, ez da ohituragatik bakarrik, aunitzetan gaitasuna falta da.
Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?
Bertze toki batzuetan igual hiztun kopuruak garrantzi handiagoa izanen du, baina nire inguruan kalitateak kezkatzen nau. Orokorrean, euskaraz bizi gara, ez dut jende aunitz sumatzen erdaraz. Baina kalitatea kezkatzekoa da. Adibidez, «Ni egin dut» aditzen dugu eta lasai gelditzen gara; ez du ia inork elle ahoskatzen, hitz ordena aldatzen dute, erdarakadak egiten dituzte… Konformismo horrekin kezkatua nago.
Zer da zuretzat kalitatezko euskara?
Edukiari bakarrik begiratu beharrean, errateko modua kontuan hartzea, bertze hizkuntza bateko kalkoak ez egitea, hizkuntzen nahasketarik ez egitea, eta hizkuntzaren funtzionamenduak ongi ezagutzea. Gure hizkuntzak baditu beharrezko tresna guziak eta horiek ongi erabili behar ditugu. Hortaz aparte, hizkuntzarekin sortzeko eskatzea soberaxko izanen litzateke, baina jatorrizko hiztunak hori egiten du.
«Ardura guzia ez da gurea, baina guk ez badugu lehenesten, kanpotik heldu denak nola eginen du?»
Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?
Ados nago. Baina nire inguruan aldatu eta honela erranen nuke: Dakitenek ez badute erabiltzen, galtzen da, baina gure ingurua arnasgunea izanik, gaizki erabilita ere berdin galtzen ari gara. Kanpotik heldu direnek euskara ikasteko beharra sentitu behar lukete. Ardura guzia ez da gurea, baina guk ez badugu lehenesten, kanpotik heldu denak nola eginen du? Gu euskaraz gara eta heldu direnak euskaraz izatera gonbidatu behar ditugu.
Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?
Lazkao Txikiren garaian igual ez zen holakorik izanen, baina, bai, pasatzen da. Aspaldi sumatu genuen Iruñea aldean jende gazteak euskañola egiten zuela, Has hecho la lana de ingurune bezalakoak erranez. Harrigarria egiten zitzaidan. Joera hori honat ere ailegatzen ari da.
Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?
Ez dut uste gazteak bakarrik direnik. Gazteek helduengandik aparte egoteko behar bat dutenean, bertze hizkuntza batean hastea normalagoa iruditzen zait, baina haur denboran ongi ikasi badute eta egiatan euren hizkuntza dela sentitzen badute edo interesik badute, nik uste gerora bueltatuko zaiela.
Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?
Guk atautxi-amatxiengandik edan genuen gauza bera dugu. Baina gaur egungo haurrek ez dakit atautxi-amatxiengandik edan duten hori berdin kontserbatuko duten. Batez ere, orain kanpoko eragin, nahasketa edo estimulu gehiago dituztelako.
Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?
Euskara batuak bere onurak ekarri ditu, baina euskalki bakoitzaren berezitasunak galdu dira. Gure amatxik-eta, euskara ona batua zela pentsatzen zuten, eurena txarra zela. Gure amatxik, lotsatuta, maiz erraten zuen telebistan edo irratian aditzen zuen euskara ez zuela entenditzen. Horrek kalte egin zuen. Hizkerak ez dira gibelera, aitzinera, bortz, ortzegun... solasak bakarrik. Hizkera zurearen kontzientzia da, esamolde berriak sortzea, jostetan aritzea, doinu bat, harro sentitzea erraten duzunarekin... Baina hori ez da transmititu. Euskara jasoa izatea ongi dago, baina norbere hizkeran arituta, ez solastu hain zakar, ez dizut entenditzen... bezalako komentarioen ondorioz, jende aunitz kukutu da eta berea guttietsita, erdarara jo du.
Euskarak prestigioa behar du?
Bai, dudarik gabe, lehen, orain eta beti.
«Ez dut uste inguruan euskararen kontrakoak badirenik. Euskaraz baino erdaraz bizi nahiago dutenak bai. Horiek ez dira euskararen kontrakoak, baina ez dira euskaraz bizi»
Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzu zuen inguruan?
Lehen, kontrako eta aldeko jarrerak gehiago bereizten genituen, euskaltzale eta euskaltzale ez zena. Euskaltzaleari zentzu hau emanen nioke: euskaraz bizitzeko interesa duena eta hori praktikatzen duena. Ez dut uste inguruan euskararen kontrakoak badirenik. Euskaraz baino erdaraz bizi nahiago dutenak bai. Horiek ez dira euskararen kontrakoak, baina ez dira euskaraz bizi.
Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke?
Lehenbailehen eragin beharreko bi eremu ikusten ditut. Alde batetik, eskola. Gaur egungo eskoletan ez da behar bezalako interesik ikusten. Euskararekin motibatzeko eta euskararekin lotuak sentitzeko zerbait gehiago egin behar da. Eta bertzetik, herriko martxan, euskara herriarekin lotua dagoela ere argi gelditu behar du. UEMAn gaude eta horrek ere marra gorria izan behar du. Gurea euskara delakoz. Bertze hizkuntzak gailentzen ari badira, ez gara lasai egoten ahal. Euskarak hauspoa behar du.