Mugi Multikirola udalekuak izanen dituzte bigarrenez Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 1a, 17:00

Joan den udan 60 bat neska-mutikok parte hartu zuten Mugi udalekuan.

Abuztuaren 4tik 15era eginen dituzte, baina dagoeneko eman daiteke izena

Mugi Multikirola udako kirol campusa eskainiko dute bigarren aldiz Lesakan abuztuaren 4tik 15era, 2011 eta 2017 urteen artean sortutakoentzat (biak barne), Beti Gazte elkarteak, Lesakako udalaren laguntzaz antolatuak.

Izena emateko epea ekainaren 30era arte zabalik dago, 696 80 98 86 telefono zenbakira deituz edo idatziz edo Beti Gaztek sareratu duen beheitiko QR kodearen bitartez izena emateko orria betez. Astebeteko bi txanda izanen dira eta bietan parte hartzeko aukera ere izanen da. Beti Gazteko bazkideek, aste bakoitzeko 50 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek, berriz, 60 euro (anai-arrebengatik 10 euroko deskontua izanen dute familiek). Kirol udalekuak goizez izanen dira, astelehenetik ortziralera, 09:30etik 13:30era. Zalantzak argitzeko ere 696 80 98 86 telefono zenbakira deitu edo idatzi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun