EUSKARAREN EGOERA

«'Guk euskaraz, zuk zergatik ez?' aldarrikatzen segitu beharra dago»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 2a, 16:00

Beñardo Goietxe Laurnagarai I Euskara irakaslea I Bera

Etxeko euskara ikasi, eta «90eko hamarkada hasieran euskaltegian alfabetatu» zen Beñardo Goietxe Laurnagarai. C1 maila gainditu ondotik, Bortzirietako IKA euskaltegian irakasle hasi zen eta hantxe segitzen du, «dakidana ahalik eta hobekien irakasten saiatzen».

Zure inguruan zein da euskararen egoera?

Segur aski, 90eko hamarkadan egoera hobea izanen zela uste genuen, D ereduak eta orduko ikasteko gogoak euskarari bultzada handiagoa emanen ziolakoan-edo.

Ezagutza eta erabilera handitu dira ustez, baina hutsune handiak daude oraindik, bereziki erabiltzeko ohitura eta borondatearekin.

TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?

Harritzekoa da, batez ere eskoletatik eta euskaltegietatik euskaldun aunitz sortu baitira. Bertako hainbat eta hainbat euskaldun hil direlako edo kanpora joan direlako izan liteke beharbada. Baita etorri berriek ez jakinki eta ikasi ez dutelako ere. 

Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?

Iruditzen zait 1980. eta 2010. urteen artean baino jende gehiagok dakiela eta maizago aditzen dela, bereziki eskualdeko herririk handienetan; halere, geroztik ez da nabarmenki hobetu, nik uste. Maizago erabiltzeko ohiturak eta borondateak huts egiten dute.

Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?

Kalitatezko euskara urre gorria da, baina hiztun kopurua da funtsezkoena. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta kalitate hobea lortzeko aukera izanen baita. Erabili gabe edo guti erabilita galtzen da kalitatea.

Zer da zuretzat kalitatezko euskara?

Euskalkiaren freskotasuna nahiz zuzentasun gramatikalaren oreka ahal bezain egokien eta garbien mantentzen duena ote?

«Gaztelaniaren nahasketa lehen baino nabarmenagoa da, nahiz eta herrien arabera betitik izan den, euskañola gero eta errotuago dagoela uste dut»

Gero eta kezka gehiago sortzen du euskararen kalitateak. Aunitzen ustez, beheiti egin du. Zuri zer iruditzen zaizu?

Bai, nire ustetan, okerrera egin du. Gaztelaniaren nahasketa lehen baino nabarmenagoa da, nahiz eta herrien arabera betitik izan den, euskañola gero eta errotuago dagoela uste dut.

Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?

Denok izan gara gazte, adin horretan, oro har, ez zaio kasurik egiten hizkuntzaren kalitateari, bizitasunari eta askatasunari baizik. Euskara eta gaztelania nahasita ateratzen zaizkie gazte gehienei. Hizkuntza kalitatea, dena bezala, adinarekin hobetzen dela uste dut; euskaraz ikasten eta bizitzen segituz gero, 25-30 urterekin 15ekin baino aise hobea eta garbiagoa izan beharko luke hizkuntzak. Helduagoen artean ere badago huts franko, ikasitakoa guti edo batere ez erabiliz, eta hobetzeko pausorik eman ezean, ia beti gero eta herdoilduago eta kamutsago joanen da mintzaira.

Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?

Eskoletan eta euskaltegietan dugun materiala, hedabideetan eta kulturan nagusiki agertzen den hizkuntza eredua Euskaditik heldu zaigu. Nahiz eta eskola eta euskaltegietan ahalegin berezia egiten dugun lekuan lekuko nafarrera mantentzen, euskalkiaren txinparta eta aberastasuna indarra galtzen ari dira.

Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?

Espero dut euskararen destinoa ez izatea. Hoberako pauso handiak eman badira ere, hezkuntza, kultura eta erabilera behin eta berriz indartzen segitu behar dugu.

«Euskaldun aunitz erdaraz bizi dira»

Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?

Hori ere maiz gertatzen ari da, erdara gero eta errazago sartzen da euskararen eremuan. Euskaldun aunitz erdaraz bizi dira. Ikasitakoa ez dute lanean, familian eta lagun artean behar bezainbat erabiltzen. Euskara garbi eta bizia berreskuratzeko gogoa txertatu behar zaio jendeari, eta horrez gain, euskaraz solas egiteko ohitura eta borondatea ere sendotu behar dira.

Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen? Zerk huts egiten du?

Lehen aipaturiko hezkuntzan eta hedabideetan dagoen hizkuntza ereduaren eraginaz gain, baserriarekin eta naturarekin loturiko hiztegia, esamoldeak, hika egiteko ohitura, eta abar galtzen ari dira. Herrietan ere gero eta «kaletarrago» bihurtzen ari ote den jendea...

Euskarak prestigioa behar du?

Bai, geure hizkuntza geure izaeraren eta kulturaren funtsa da, ttikia izanik ere, harro eta gogor defendatu eta bultzatu beharko dugu inguratzen gaituzten hizkuntza eta kultura handien artean bizirik iraun dezan. Horretarako, Gobernuaren eta Udalen laguntza, inplikazioa zein parte hartzea ere beharrezkoa da.

Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzu inguruan?

Orokorki, lehen baino aise hobea dela uste dut, haatik, badira beti sobera estimuan ez duten guti batzuk. Gehienetan irizpide politikoekin loturiko jarrerak izaten dira.

Halere, aspaldixkotik, penarik handiena ematen didana da dakiten batzuen borondate ahula erdaraz aritzeko ohitura aldatzeko. Euskara «maite» dute, ez dute, ordea, ahal den guzietan hitzez erakusten… 

«Jendea ikastera, hobetzera, solas egitera eta maitatzera animatzen segitu beharra dago»

Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke?

Jendea ikastera, hobetzera, solas egitera eta maitatzera animatzen segitu beharra dago, kalaka eman behar da irrati-telebistako iragarkia balitz bezala, euskara geure produkturik hoberena baita, geure eguneroko saio edo kirol emankizunik garrantzitsuena. Horrez gain, euskarazko kultura anitza eta alternatiboa arlo guzietan bultzatu behar da, gazte eta helduen artean jakin-mina piztuz. Eta egoera, okerrera bederen ez dadila joan. Ez baikorregi, ez ezkorregi, euskara ez da inola ere orain dela 40 urte bezain putzu sakona, baina Guk euskaraz, zuk zergatik ez? aldarrikatzen  segitu beharra dago, pausoz pauso beti aitzinera, normalizazioa, noizbait izatekotan, maratoi luzea izanen baita, nahiz eta errealitateak tarteka helmuga urrunduko digun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun