Berako Udalak Bidasoko Lehenbiziko izokinaren harrapaketa antolatzeko baimena lortu du

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 30a, 10:00

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman dio Berako Udalari izokinaren lehendabiziko alearen harrapaketa antolatzeko. Izaera sinbolikoko jarduera izanen da, ez arrantza denboraldiaren parte. Aurten ere, azken hiru urtetan bezala, Bidasoan izokinak arrantzatzea debekatu du Nafarroako Gobernuak.

Lehendabiziko izokinaren arrantzan parte hartu nahi duten arrantzaleek baldintza zorrotzak  bete beharko dituzte. Horretarako aitzinetik izena eman beharko dute apirilaren 29tik maiatzaren 7ra arte 948 63 00 05 zenbakira deituta edo bera@bera.eus helbidera idatzita. Gainera, parte hartzeko arrantzaleek Nafarroako arrantzarako lizentzia izan beharko dute indarrean. 

Lehendabizikoaren arrantza maiatzaren 10etik ekainaren 30era egiten ahalko da, eta behin ale bat hartzean bukatutzat emanen da arrantzarako aukera. Baimendutako ordutegia 07:00etatik 21:30era izanen da eta Berako Fundiciones enpresako presan hasi, eta Endarlatsan Gipuzkoarainoko mugaraino. Gainera, guttieneko 50 metroko distantzia errespetatu beharko da arrantzalearen eta amuaren artean, presak, eskaletako sarrera-irteerak edo arrainentzako pasabideak kontuan hartuta.

Arrantzatutako izokinarekin zer egin erabaki dezake arrantzaleak. Harrapatutako izokina, sakrifikatu egin dezake, eta  baita merkaturatu ere. Hala nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuaren instalazioetan erreproduzitzaile gisa erabiltzeko,  edo espeziearen jarraipena egiteko edo markatu ondotik ibaira askatzeko programan erabiltzeko utzi dezake.

Ekimenaren helburua izokinaren etorrera ospatzea da, komunitatearen ohitura eta natura ingurunea uztartuz, eta ez inondik inora ere ale aunitz harrapatzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emandako baimena hemen irakurri daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun