Etxalarko VI. Mendi Itzulia prest dute maiatzaren 3rako

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 30a, 09:00

Etxalarko mendietan bi ibilbide izanen dituzte aukeran aurten ere.

Egunean bertan apuntatzeko aukera izanen da eta bi ibilbide daude aukeran, 23,4 Km eta 31,2 kilometrokoak

Apirilaren 11n egin zuen bilera Etxalarko Altxata kultur eta kirol elkarteak mendi itzulian laguntzaile arituko diren boluntarioekin. Lan banaketa eginda, eta azkeneko gauzak itxita, dena prest daukate etxalartarrek maiatzaren 3ko seigarren ediziorako.

Aurten ere bi ibilbide izanen dira aukeran: ibilbide motza (23,4 km eta 1.262 metroko desnibela) eta ibilbide luzea (31.2 km eta 1.862 metroko desnibela). Aitzinetik izena eman daiteke inscripciones.nafarmendi.org helbidean baina egunean bertan 06:30etik 08:00etara ere eman daiteke izena frontoian (15 euro). Bi ibilbideen irteera 07:30etik 08:30era izanen da plazatik.

 

Argazki lehiaketa ere

Argazki lehiaketa ere izanen da aurtengo bereizgarri. Itzulian ateratako argazkiak Altxatari bidaliz gero, argazki lehiaketan parte hartuko da, sari bikainak lortzeko aukerarekin. Horrez gain, mendi itzuliko kamiseta eskuratzeko aukera izanen da. Kamiseta aitzinetik lortu nahi duenak, eskuragarri dauzka Kultur Etxean, astelehenetik ortziralera 16:00etatik 19:30era. Informazio gehiagorako www.altxata.org.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun