[ARGAZKIAK] Sokorro Almandoz omendu dute Berako Azienda Feriaren IX. edizioan

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 28a, 12:00

Berako Azienda Feriaren IX. edizioa egin zuten larunbatean. Garmendiko Bordako Sokorro Almandoz baserritarra omendu zuten lehen sektorearen alde egindako lanagatik.

Argazkiak: Ainhoa Larretxea eta utzitakoak.

60 bat abelburu plazatu zituzten larunbatean herriko zein inguruko herrietako baserritarrek. Eguraldi euritsua izan bazen ere, aunitz izan ziren aterkiak eskuan feria ikustera hurbildu zirenak. Gainera, eskualdeko hainbat ekoizlek postuak paratu zituzten, eta lanerako tresneriaren erakusketa ere izan zen.  Sarako Olahaldea zalditegiaren eskutik haurrak zaldi gainean ibiltzeko aukera izan zuten.

Eguerdian egindako aizkora desafioa izan zen jende gehien bildu zuena. Nerea Sorondo eta Oier Larretxea beratarrak, Ibai Telletxea eta Uxue Ansorregiren kontra aritu ziren, eta segundo gutxi batzuengatik beratarrak gailendu ziren.

Apostua bukatzean omenaldiaren txanda izan zen.  Sortzez aranztarra bada ere, azken urte luzeetan Berako Garmendiko Borda du bizileku Sokorro Almandozek. Lehen sektorean aritu izan da beti, eta ez dira gutti gasnagile bezala irabazitako sariak. Antolatzaileek omenaldi xume batekin eskertu zioten lehen sektorearen alde egindako lan dena, eta kaiku bat oparitu zioten hemendik aitzinera ere gasna egiten segi dezan.

Ondotik, bi saskiren eta Martikoko lote baten zozketa egin zituzten. Martikoko lotea Maitetxu Leonis beratarrari tokatu zitzaion, eta saskiak Iñaki Aranburu irundarrari eta Jaione Balda beratarrari.

Eguna borobiltzeko, otordua egin zuten Ricardo Baroja eskolako jangelan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun