Berako Mendi Itzuliaren XVI. edizioa eginen dute maiatzaren 18an

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 26a, 10:00

2023ko edizioan mendi itzulian parte hartu zuten mendizaleak.

Bi urtetik behingo ohiturari segituta, maiatzaren 18an eginen dute Berako Mendi Itzulia. Agerra Mendi Taldeak bi ibilbide paratu ditu aukeran

Berako Mendi Itzuliaren XVI. edizioa izanen da maiatzaren 18an eginen dutena. Bi ibilbide izanen dira aukeran: 22 kilometro eta 1.200 metroko desnibela dituen motza, eta 26 kilometro eta 1.600 metroko desnibela dituen luzea.

Bi ibilaldiak 07:30ean aterako dira Agerra Mendi Taldeko egoitzatik eta izena emateko epea irekia dago dagoeneko. Hala ere, izen ematea Egunean berean egin nahi dutenek aukera izanen dute elkartearen egoitzan 06:30etik 07:30era. Federatuek 13 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek 15 euro.

Bi ibilbide aukeran

Ibilbideei dagokionez, biak Agerratik aterako dira, eta lehen zatia elkarrekin eginen dute.

Agerran atera eta Manttale igoko dute lehendabiziko eta handik Ibardinetik eta Intzolatik pasatuta Iasolako Bentara joanen dira. Bertan banatuko dira bi ibilbideak. Ibilbide luzea egiten dutenak Larhungo tontorrera igoko dira. Larhundik jaitsiera Lizuniagan barna eginen dute eta Idoiako lepora igo, eta Larretagaianan barna, elkartean bukatuko dute bidea. 

Ibilbide motza egiten dutenek, aldiz, Iasolako Bentatik Maletera jaitsiko dira, eta handik Idoiako lepora igoko dira. Ibilbidea bukatzeko Larretagaina igoko dute, eta handik elkartera joanen dira.

Intzolan, Larhunen, Idoiako lepoan eta Agerra Mendi Taldearen egoitzan parte hartzaileen denbora kontrolatu dute eta anoa guneak izanen dira. Gainera, Larhungo tontorrean eta elkartean osasun arreta emateko puntua paratuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun