Beran eta Lesakan ere hiru saskiko disko golf zelaiak prestatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 23a, 18:00

Lesakan, Harriondoa kultur etxearen ondoko belaian prestatu dute hiru saskiko disko golf zelaia.

Igantziko Irrisarri Landen saski berriak jartzeko laguntza lortu dute eta Igantziko zelaiko saski zaharrak Nafarroako Unibertsitatean, Artaxoan, Beran eta Lesakan zelai berriak egiteko erabili dituzte

Baxi Basajauna elkarteak Igantziko Irrisarri Land Parkeko disko golf zelaian dituen 18 saskiak aldatzeko eta saski zahar horiek Nafarroako zenbait udali eskaintzeko eskaera egin zuen iaz. Igantziko parkerako saski berriek 12.000 euroko kostua dute eta horiek ordaintzeko dirua lortu du. Irrisarri Landek, PDGAk, Nafarroako Rural Kutxak eta CRKdiscgolf enpresak diru horren % 82 ordaindu dute eta falta dena udal eta erakunde interesatuek ordainduko dute (Nafarroako Unibertsitatea, Lesakako Udala, Berako Udala eta Artaxoako Udala).

Gisa honetara, disko golfean aritzeko lau zelai berri izanen dira Nafarroan: Nafarroako Unibertsitatean bederatzi saskiko zelai bat eta hiruna saskikoak Beran (Matzadan), Lesakan (Harriondoa kultur etxearen ondoko belaian) eta Artaxoan.

 

Berako Matzada futbol zelaian ere hiru saskiko disko golf zelaia egin dute.

 

Nafarroako V. Disko Golf Irekia maiatzaren 2tik 4ra Irrisarri Landen

Bertze aldetik, Nafarroako V. Disko Golf Irekia maiatzaren 2tik 4ra jokatuko dute Igantziko Irrisarri Landeko zelaian, Espainiako Koparako baliagarria.

Aipatzekoa da Baxi Basajauna taldea ere handitzen ari dela eta iaz aritu ziren Iñaki Gonzalez, Mikel Ibarrola, Jose Rouget eta Toni Negreterekin batera, Ion Juguera, Fernando Zabalza eta Elixabete Lorenzo ere sartu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun