Igantziko Biltoki elkarteak, Nafarroako Triatloi Federazioaren, Nafarroako Gobernuaren eta Igantziko Udalaren laguntzaz antolatutako Igantziko VI. Mendi Duatloia apirilaren 27an eginen dute eta Nafarroako txapelketa ere bertan erabakiko da. Haurrek igandean 09:30ean izanen dute beraien proba.
Aitzinetik internet bidez izena emateko epea itxi da, baina frontoian bertan egun berean 09:00etatik aitzinera egiten ahal da eta banaka nahiz binaka ateratzeko aukera izanen dute kirolariek. 10:30ean izanen da helduen txanda.
Parte hartzaileek, hasteko, 2,6 kilometro luze eta 90 metroko desnibel positiboa duen zirkuituari bi buelta eman beharko dizkiote lasterka, ondotik 20 kilometro egin beharko dituzte mendiko bizikletarekin (800 metroko desnibel positiboa) eta, bukatzeko, bertze 2,6 kilometro lasterka. Bikoteak emakumeek edo gizonezkoek osatutakoak edo mistoak izaten ahal direla jakinarazi dute antolatzaileek. Banaka parte hartu nahi dutenek eta federatuak daudenak 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabe daudenek 30 euro ordaindu beharko dituzte. Binaka egin nahi dutenek ere 30 euro ordaindu beharko dituzte.