Guttieneko pentsioa, Aroztegiko auzia, osasun zerbitzu publiko eta duinaren aldeko aldarria, hainbat herrialdetako egoera gatazkatsuak… Kontu ugari hartu zituzten hizpide Baztan-Bidasoko Pentsiodunek atzo Beran.
Alde batetik, «EAEn guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzeko eskatuz, 115.000 sinaduratik goiti» bildu dituztela oroitarazi zuten. Maiatzaren 15ean aurkeztuko dituzte Legebiltzarrean, eta egun horretan manifestazioa eginen dute Gasteizen. Bada, Baztan-Bidasoko pentsiodunek Nafarroatik harat autobusez joateko aukera izanen dela esplikatu zuten: «Herri Ekimen Legegilea EAErako bada ere, erabateko eragina izanen du Nafarroarako».
Horrekin batera, Euskal Herriko pentsiodunentzat egin den poesia lehiaketako sariak maiatzaren 8an Galdakaon (Bizkaia) banatuko dituztela kontatu zuten.
Bertzetik, apirilaren 5ean guttieneko soldata aldarrikatuz egindako manifestazioak hartu zituzten hizpide: «Ekimenak bere helburuak bete zituen. Pentsiodunon erronka da hau, guttieneko soldata eta guttieneko pentsioa, biak ere, bizi duinaren aldarriak direlako».
Aroztegiko auzipetuei babesa
Aroztegiko auzipetuei ere babesa adierazi zieten, eta «mobilizatzeko eta parte hartzeko» deia egin zuten. Maiatzaren 19ko astean, Iruñeko epaitegiaren aitzinean elkarretaratzeak egitekoak dira, eta «pentsiodunok maiatzaren 22an dugu gure txanda, 09:00etatik aitzinera». Honela gaineratu zuten atzoko agerraldian: «Ingurumena errespetatu eta xahutzeko jarrerak alde batera uzteko beharra dagoenean, batzuk dena urratu eta lurra eta ingurumena erasotzearekin tematzen dira. Horregatik guk ere: Ni ere kanpatu nintzen oihukatuz adieraziko dugu gure atxikimendua inputatuak dauden gazteen alde».
Osasun sistema publiko eta duinaren alde
Osasun zerbitzuan ere arreta jarri zuten, eta pentsiodunen irudiko, «ezin dugu besoak jaitsi eta eskuak sakelan sartu». Osasun arreta «iraunkorra, nahikoa eta kalitatezkoa exijitzeko beharra» aldarrikatu zuten, eta hala, Baztango Osasun Plataformak deituta, Osasun sistema publiko eta duinaren alde maiatzaren 7an Elizondon egitekoa den elkarretaratzera joateko deia egin zuten.
Munduko gatazkak
Munduko hainbat bazterretan dauden gatazkak aipatuz bukatu zuten atzoko elkarretaratzea: «Gazaz eta Ukrainaz gainera, bertze 54 lurraldetan daude egoera gatazkatsuak, gehienak Afrikan. Gatazka horien jatorrian, interes nazkagarriak daude, eta gatazka sortzaileak lehen mundua deitua den honetako agintariak dira». Hala ere, «Gazako egoera oraindik larriagoa» dela azpimarratu zuten, «ezin baita gatazka balitz bezala disimulatu, genozidio petrala delako». Eta horrekin batera, AEBko agintarien «joko makabroa» kritikatu zuten: «Muga zergak goiti eta muga zergak beheiti, beraien armek eta lehergailuek ehunka jende hiltzen dituzten bitartean». Hala ere, «itxaropen izpiak» ikusten dituzte: «AEBn bertan, jendearen altxamendua eta iraultza. Bidenabar, guk Gora munduko herriak aske! aldarrikatzen segitu behar dugu».