Ekainaren 5ean 60 urte beteko ditu enpresak, «pasioa, esfortzua eta lana uztartuz sortutako historia, giza talde handi bati esker, bestela, ezinezkoa izanen litzateke». 58 bat langile dituzte gaur egun, «inguruko herrietatik etorritakoak: Bera, Igantzi, Lesaka, Doneztebe, Irun, Hondarribia…». Gainera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zigilua dute; «horrek esan nahi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun aukerak sustatzen ditugula, berdintasun plana dugula eta jokabide diskriminatzaileen aurrean zero tolerantziako politika daukagula».
Kalitatea oinarri
Kalitatezko produktuak egiteko ezinbertzekoa da kalitatezko materialak erabiltzea, «eta hori dugu balio nagusietako bat». Bertzeak bertze, aluminioa, burdina, plastikoa, egurra eta ehunak erabiltzen dituzte. «Urteak daramatzagu gure prozesu operatibo eta produktiboak etengabe hobetzen. Horri esker, produktu iraunkorrak lortzen ditugu modu eraginkorrean. Kalitate estandar zorrotzak ezartzen ditugu produktuek gure bezeroen itxaropenak betetzen dituztela bermatzeko».
Ekoizten dituzten altzarien artean, «hondartza aulkia da gehien saltzen denetako bat». Baina helduentzako ez ezik, haurrentzako ere eskaintza zabala dute; «mahaiak, aulkiak, kulunkak… etxeko ttikienak ere bere moduan gozatzen hazi daitezen».
«Kalitatea, iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua». Horiek dira Alcoko produktuen bereizgarri nagusiak. Gainera, «erabilera erosoa eta funtzionalitatea bermatzen ditugu, bezeroen beharrei erantzuten saiatuz. Produktuak Beran fabrikatzen dira, pertsona talde konprometitu, arduratsu eta hurbil baten eskutik, bere ahalegin eta jakintza guztia jartzen duena». Eta Europako 19 herrialdetan saltzen dituzte produktu horiek.
Etorkizunera begira ere, «Europako erreferente izaten segitzea eta zerbitzu bikaina eskaintzea da gure ikuspegia. Hondartzan, kanpin batean, karabanan, zure etxeko lorategian edo zuk aukeratutako lekuan gozatzea, hori da gure lana».
Azkenik, «aukera hau aprobetxatu nahiko nuke Alco osatzen duten pertsona guztiei aipamen berezia egiteko eta beren dedikazioa eta ahaleginak eskertzeko, aurten 60. urteurrena beteko baitugu».