Berako Kultura Batzordea hasia da Berako bestak antolatzen, eta bestetako egitarauaren azal lehiaketa antolatu du. Aurkeztutako lanek bestetako giroa islatu beharko dute, eta azalean Berako Bestak 2025 testua bakarrik agertu beharko da nahitaez. Egile bakoitzak nahi adina lan aurkezten ahalko ditu.
Lanak ekainaren 2ko 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira herriko etxeko bulegoan. Aurkeztutako lanaren gibelean goitizen bat baino ez da paratuko , eta aparteko gutun-azal batean erantsiko dira egilearen datuak, kanpoko aldean goitizena paratuz. Gutun-azalaren barrenean honako datuak agertu beharko dira: izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.
Aurkeztutako argazkiak edo irudiak koloretakoak izanen dira; paperean aurkeztuko beharko dira, eta bertikalak izan beharko dute, 18 x 27 cm-koak. Euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira eta modu egokian paketatuak. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Ezin izanen da bertze lan batzuen kopia edo plagioa aurkeztu ezta bertze artista batzuen lanak ere.
Lanen nolakotasunari dagokionez, gaia, estiloa eta erabilitako teknika libre izanen da, betiere Berako besta giroa islatzen badu. Gainera, genero irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan ezberdintasunen tratamendu gutiesgarria saihestuz.
Irabazlea herri bozketa bidez
Ekainaren 2an bukatuko da lanak aurkezteko epea, eta ondotik, herri bozketa antolatuko da irabazlea aukeratzeko. Irabazleak 400 euro hartuko ditu saritzat.
Lan irabazlea Berako bestetako egitaraua biltzen duen Berako Oihua aldizkariko azalean agertuko da.