Ekhiten Lesakako energia komunitatea aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 15a, 10:00

Ekhiten energia komunitatearen helburu nagusia energia burujabetza lortzeko bidean aitzinera egitea da herritarren parte-hartze aktiboarekin.

Kooperatiban izena emateko epea irekita dago apirilaren 16ra arte eta kooperatibaren eratze batzarra maiatzaren 5ean eginen dute

Joan den ortziralean, apirilaren 11n, aurkeztu zuten Ekhiten, Lesakako energia komunitatea. Ekitaldia Lesakako udal pleno aretoan izan zen eta aurkezpenak harrera beroa izan zuen: aretoa bete egin zen eta berrogeitik gora herritar eta eragilek kooperatiban parte hartzeko izena eman dute dagoeneko.

Ekhiten energia komunitatearen helburu nagusia energia burujabetza lortzeko bidean aurrera egitea da herritarren parte-hartze aktiboarekin. Aurkezpen honetan azaldu ziren egitasmoaren nondik norakoak, helburuak eta lehen urratsak, eta interesa piztu zuen komunitatearen artean. Lesakako energia komunitate berri honek herritarren eskuetan paratuko du energia berriztagarriaren sorkuntza eta kudeaketa, jasangarritasuna eta autokudeaketa sustatuz. Proiektu honek, energia burujabetzaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoa sendotzeaz gain, komunitatearen elkarlana eta parte-hartzea bultzatu nahi ditu.

Ekhiten kooperatibaren aurkezpenak ikusmina piztu zuen.

Kooperatiban izena emateko epea zabalik dago oraindik, apirilaren 16ra arte. Parte hartu nahi dutenek ondorengo galdetegia bete behar dute:
Izena emateko galdetegia

Ekhiten kooperatibaren eratze batzarra maiatzaren 5ean izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun