Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoan jokatu zen 39. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolarik kantatu zuten: Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Sarriguren), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza) eta Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza).Saats Karasatorrek aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltza aritu ziren epaile lanetan.
Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ondotik, lau bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Enaitz Zestau-Telletxea, Iraun Zestau-Telletxea, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga.
Bigarren fasean, zortziko txikian ofizioka aritu ziren bertsolariak. Ondotik, lau bertsolarietatik bi sailkatu ziren buruz-burukora: Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza.
Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren bertso bana kantatuta. Azkenean, Kattin Madariagak bildu zuen puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Madariagak Joana Ziganda Olanoren eskutik jaso zuen txapela. Bertze sari bat ere izan zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, Oinak buruan saria. Kasu horretan, Kattalin Lizarragak irabazi zuen sari hori. Ipe Lizarraga Gartziandiak eman zion garaikurra.