«Zuek, Bidasoa ingurukoak, bai Gipuzkoarrak, bai Nafarrak eta baita Lapurtarrak ere, zarete hurrengo urtetako gure borrokaren lehenengo lerroa; hemen dago gure Herriaren etorkizunaren muina, mugak desagertzen ari direlako, baina Herri bat egin behar dugulako oraindik». Hau da Aitor Esteban EBBren presidenteak aditzera eman duen mezurik garrantzitsuena igandean Lesakan ospatu den Bidasoko Aberri Egunean.
Ekitaldi politiko honetako hizlari izan dira ere Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidentea eta Ione Fagoaga Lesakako zinegotzi eta burukide nafarra ere.
Lesakako Harriondoa kultur etxean, ehun bat lagunen aitzinean, Estebanek mugen inguruko hausnarketa egin ondotik, EAJ-PNVren presentzia aldarrikatu zuen Nafarroan, eta Alderdiak egindako ekintzen adibide batzuk aipatu zituen. EBBko presidenteak adierazi zuenez, «Bidasoa da aberri honek gure Herriaren eraikuntzan etorkizunerako duen erronkaren lehen lerroa». Azkenik, eta Euzkadi Buru Batzarrak Javier Ollo burukidearekin Nafarroan presentzia handiagoa duela gogoratu ondoren, Estebanek «EAJ, bere sigla guztiekin, Nafarroan egunero presente» egonen dela adierazi du.
Ione Fagoaga: «Gure nortasuna aldarrikatzeko eguna»
Ione Fagoaga Lesakako zinegotzi eta Nafarroako burukideak nabarmendu duenez, Bidasoaldeko Aberri Eguna da «gure nortasuna aldarrikatzeko eguna». «Bidasoa da gure aberriaren bihotza, gure hiru lurralde zeharkatzen ditu, baina beti izan da eta da batasun sinbolo bat. Muga politiko eta administratiboek zatitutako herria gara, baina ez dugu ahaztu behar euskal herritarrak garela eta gure eskubideak, gure kultura eta gure hizkuntza, euskara, defendatzen ditugula, gure aberriaren arima direlako. Gaur, inoiz baino gehiago indartu behar dugu denok bateratzen gaituen lokarria, eta elkarren eskutik lan egiten jarraitu behar dugu etorkizunerako bidea askatasunez eta demokraziaz egin dezagun», azaldu zuen.
Fagoagak gogora ekarri zuenez «historian zehar, Bidasoa ibaia inguratzen duten lurrek erresistentzia-toki izan dira, askatasunaren aldeko borrokarako, demokraziaren defentsarako eta aberrigintzarako gune» eta nabarmendu zuenez “iraganeko garai batean EAJ-PNVko emakume eta gizonek beren bizia arriskuan jartzen zuten mugetan, gerra zibilean eta II. Mundu Gerran askatasuna eta demokrazia defendatzean, eta bereziki gogoratu zituen Bittori Etxeberria, Itziar Mugica, Delia Lauroba eta Tere Verdes, Alava Sareko emakumeak «itxaropenezko etorkizun baten alde borrokatu ziren eta gidatu behar gaituen ausardia eta konpromiso politikoaren eredu dira».
Ezusteko omenaldia Jose Luis Etxegarairi
Ekitaldian ezusteko omenaldia egin diote Jose Luis Etxegarai Anduezari, 20 urtetan, 1987tik 2003ra bitartean eta 2015etik 2019ra Lesakako alkate eta 2003 eta 2007 urte bitartean Nafarroako parlamentari izan zenari. Aitor Esteban EBBren presidenteak eta Unai Hualde NBBren presidenteak txapela eta zapi bat eman zioten Lesakaren alde eta alderdiaren alde beti egin duen lana aitortuz eta aintzatespen gisa.
NBBren presidente Unai Hualdek ziurtatu zuenez «Joxe Luis garrantzi handiko figura izan da Lesakako azken urteetako historian», eta segidan nabarmendu zuenez «Lesakaren eta lesakarren ongizatea jarri izan du beti gauza guztien gainetik, herriaren mesedetan eginiko lana. Gizon kementsua, bere herriaren eta herri honen alde daukan guztia eman duena, gizon ekintzailea, langilea, liderra, esana betetzen duen horietakoa. Une latzenetan, irmo egon zara beti EAJ-PNVren baloreak defendatzeko orduan», adierazi zuen.
Nafarroako jeltzaleen buruak ildo beretik gogoratu zuen Etxegarai dela «zeru-lurrak astindu ohi dituen horietakoa, dela Nafarroako Gobernuaren aurrean, Parlamentuan, Europan,… behar denaren aurrean», eta irmotasun horren ondorioz, Lesakak gaur ditu herria modernizatzea eta hobetzea ekarri zuten inbertsioak. «Gaur hartu gaituen kultur etxea da, esaterako, Euskal Taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei aurkeztu zien zuzenketaren ondorio», zehaztu zuen Hualdek.