«Askatasuna eta adrenalina ematen dizkit mendiko eskiak»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 13a, 08:00

Julen Errandonea (erdian) Pierra Mentako etapetako batean. Pierra Menta

Julen ERRANDONEA MARTIN, Berako kirolaria

Lehenengoz mendiko eskiko Pierra Menta proba egin du Errandoneak. Alpetatik itzuli berritan, pozik da egindakoarekin eta dagoeneko burua hurrengo urteko proba prestatzen paratua du

Mendiko eskiatzaileentzako proba klasikoa da Pierra Menta, munduko gogorrenetarikoa. Martxoaren 12tik 15era egin dute 39. edizioa eta Julen Errandonea Martin izan da parte hartzaileetako bat. Lau egunez 10.000 metroko desnibela osatu du eskien gainean Ibai Primiciarekin batera. Alpeetatik itzuli berritan kontent da egindako lanarekin. Ilusioz bizi du mendiko eskia eta begiek dirdira egiten diote Pierra Mentaz solasean. Udaberriarekin batera, eskiak alde batera utzi eta mendiko zapatilak hartzeko garai du orain. Eskiekin edo gabe, mendia du pasio. 

Zer da mendiko eskia? 

Mendian tratatu gabeko elurretan egiten den modalitate bat da. Mendiko eskien azpian jartzen den larru batzuekin igotzen gara mendira, eta ondotik material hori aldatu, eta eskiatzen jaisten gara. Mendiko eskia 2019tik kirol olinpikoa da, eta disziplinak pixka bat aldatu dira. 

Zergatik? 

Segurtasunagatik eta ikusgarritasunagatik, 2.000-3.000 metroko desnibela duten etapak egin beharrean, eski estazioan egiten dira, eta aunitzez ere laburragoak. Ikusteko errazagoa da, telebistan emateko ere bai… Mendiko eskian bi joera daude: tradizionala, Pierra Menta estilokoa, eta olinpikoa.

Nola deskribatuko zenuke Pierra Menta?  

Eski alpinismoko proba bat da. Mendiko eskiko Frantziako Tourra da, bai mailagatik, munduko onenak joaten direlako, eta baita publikoak bizitzeko duen moduagatik ere, giroagatik. Irudiak ikusi eta nabaritzen da giroa dagoela, baina ez genuen horrenbertze ikusle espero. Bertze lasterketekin alderatuta, leku aunitzez teknikoagoetan sartzen dituzte parte hartzaileak. 

Nork animatu zaitu parte parte hartzera? 

Mendiko eskian unibertsitateko bi lagunekin hasi nintzen. Euskal selekzioko kideak ziren, Lide Leibarrekin eta Ander Garmendia. Beti ikusten eta segitzen genituen Pierra Mentako emaitzak eta Killian Jornet erreferente bat zen. Amets gisara ikusten genuen noizbait Pierra Mentan parte hartzea. Aurten Nafarroako Mendi Federazioko eski hautatzaile ari naiz lanean, eta gehiago eskiatu dut, eta selekzioko bertze kide batekin animatu naiz. Curriculuma bota genuen ea hartzen gintuzten. 

«Pierra Menta mendiko eskiko Frantziako Tourra da dagoen mailagatik eta giroagatik»

Dortsala lortzea ez da hain erraza. 

Pierra Mentarako batez ere, baina mendiko eskiko Gran Cours zirkuituko sei lasterketarako curriculuma bidaltzen duzu, eta bakoitzak aukeraketa egiten du. Nazioarteko proba bat denez, guk jarri genituen informazioak bi indizeri lotuak ziren: Index eta UTMB. Bi horiek adierazten dute lasterka zer mailatan zauden. Horrekin batera Alpetan egindako jarduerak eta mendiko eskiko lasterketetan egindakoa jarrita sartzea lortu dugu suerte dezenterekin. 

10.000 metroko desnibela baino gehiago ditu probak… Zer nabarmenduko zenuke?

Zehaztua dago Pierra Mentan 10.000 metro positiboko desnibela dagoela. Badakizu lehen bi etapetan 1.000 metro eta 1.000 metro sartzen badituzte, hurrengo egunetan sekulakoa paliza izanen duzula. 

Ez dute aitzinetik etapako informazioa zabaltzen? 

Ez. 18:00etan erraten dizute nolako etapa izanen den eguraldiaren eta elurraren arabera aldatzen dutelako ibilbidea. Sekulako tentsioa da. Pasabide hagitz potenteetan sartzen zaituzte, lasterketako intentsitatean, pioletik gabe, aunitzetan kranpoirik gabe... Leku nahiko teknikoak sartzen dituzte lasterketa bat izateko. Egun batean 3.400 metroko desnibel positiboa zuen etapa bat egin genuen. Erokeria bat da, batez ere jakinda hurrengo egunean berriz ere lehiatu behar zarela.

 

Julen Erranodean (erdian) Pierra Mentako etapetako batean. Argazkia: Pierra Menta.

Bikotetako proba da. Nola moldatu zara Ibai Primiciarekin? 

Duela urte batzuetatik ezagutzen dut eta hagitz ongi ulertzen dugu elkar. Bera eski selekzioan aritu izan da eskiatzaile eta ni teknikari. Ikuspegi berdina dugu lehiaketen inguruan eta maila hagitz berdintsua dugu. Bikoteak erabakitzean, gainera, uste baino determinanteagoa da bi kirolariek izatea profil berdina. 

Egunez egun, nolakoa izan da? 

Etapa denak hasi eta bukatzen dira Areches Beauforten, eta irteera eta iritsiera beti dira puntu berdinean. Astelehenean egin genuen bertara bidaia eta astelehena eta asteartea aprobetxatu genituen eskiatzeko eta irteera eta iritsiera puntuak ikusteko. Egunerokotasunean gehien nabarmenduko nukeena da ez dakizula hurrengo egunean zer tokatuko zaizun. Etapa bukatzean ahalik eta gehien errekuperatzen saiatzen zara: lo egin, ongi jan, pixka bat disfrutatu nahiz eta denbora handirik ez izan eta materiala prestatu. Deskantsua da denetan inportanteena eta baita materiala nola zaintzen duzun egunetik egunera… Lasterketa ez bukatzeko arrazoi nagusienetakoa da materiala xehatzea. 

Material gehigarria eramateko aukera bada? 

Bai. Arazoa da etapa erdian xehatzen bazaizu eta ez baduzu etapa bukatzen ezin zarela hurrengo egunean atera. Jende pila bat dago proba ikusten, eta kuriosoa da ikusleek material dena uzten dizutela. 

Zer izan da gogorrena?

Ziurgabetasuna, proba egiten genuen lehen urtea zelako. Zalantzak nituen ea nola erantzunen zuen gorputzak. Helburua bukatzea eta disfrutatzea zen, eta hurrengo urtean egiazki pixka bat estutzea izanen da. Hurrengo urteko gogortasunak bertze batzuk izanen dira.

Eta zertan disfrutatu duzu gehien? 

Konpainiarekin. Lasterketan izen ematea ordaintzen duzu eta antolatzaileak ematen dizu dena. Gu 8-10 bat euskaldun elkartu gara ostatu berean, logela berdinetan eta gosaritik hasita irriz pasa dugu eguna. Bizikidetza izan da politena, dudarik gabe. 

«Hurrengo urtean denbora hobetu nahi badugu egun gehiago eskiatu beharko ditugu»

Berriz bueltatzeko gogoz itzuli zara, orduan? 

Bai, dudarik gabe. Oraintxe burua hurrengo Pierra Menta prestatzen dut. 

Nolakoa izan da prestakuntza? 

Hemen dugun zailtasuna elurra da. Nahiz eta bizikletan, korrika… hagitz indartsu ibili ez baduzu eskiatzen, maila batetik goiti ez du aunitzerako balio. Prestakuntza ahalik eta gehien eskiatzea izan da. Egun dezente eskiatu ditut, eta hurrengo urtean hobetu nahi badugu egun gehiago eskiatu beharko ditugu. Serieak, erritmo aldaketak… entrenamendu sistema aldatzea  hagitz ongi dago, baina hori Beran egiten ahal duzu.

Zein izan da mendiko eskian osatu duzun ibilbidea?

Unibertsitateko lehen urtetan ezagutu nuen mendiko eskia eta lasterketa bat egin nuen. Gero lehiatzeari utzi nion, Nafarroako alpinismo selekzioan aritu bainintzen. Hala ere, mendiko eskia egin dut lehiatik kanpo. Duela hiru urte hasi nintzen mendiko eskiko hautatzaile lanetan, eta orduan hasi nintzen lehiaketak egiten eta aurtengoa da lehenengo urte potentea lehian. Hala ere, azken 7-8 urtetan eskia izan da nire bizitzan zati handi bat.

Euskal Herrian eta Nafarroan, nolako osasuna du mendiko eskiak? 

Mendiko eskiatzaile aunitz daude lehiaketara hurbiltzen ez direnak. Ulergarria da, batzuk lehiatzea maite dutelako eta bertzeek ez. Urte hagitz oparoak egon dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Gipuzkoan batez ere. Nafarroan ahulago egon da. Azken hiru urte hauetan, buelta eman diogu. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, inflexio puntu batean daude. Tendentziak dira, Kataluniarekin alderatuz, adibidez, ez da batere inbertitzen gazteengan. Kirol garestia da: materiala garestia da, eskiatzera joatea garestia da, badakien norbaitekin joan behar duzu… Ez badute federazioek eta klubek esfortzu bat egiten erakusteko eta jendea hurbiltzeko mendiko eskia hil eginen da. Azken urteetan inbertitu egin da eta egoera hobetu da.  

Mendiko eskiko hautatzaile gisa aritzen zara Nafarroako Mendi Federazioan. Zein da zure lana bertan? 

Orain arte laguntza talde bat osatu eta txapelketetara laguntzea. Dirurik ez genuenez, formazioak egiten aritu gara eta jende gaztea hurbiltzen. Neskarik ere ez genuen taldean eta horietako batzuk animatzea lortu eta dagoeneko hiru ditugu. Hurrengo urtera begira, federazioak inbertsio bat egin du eta teknifikazio talde bat sortu da. Alde batetik helburua formazioa ematea da eta bertzetik babesa ematea Espainiako txapelketetan materialekin, antolakuntzan, entrenamenduekin.  

Nondik heldu zaizu mendiarekiko afizioa?

Familiatik. Ttiki-ttikitatik eraman izan gaituzte mendira bai gurasoek eta bai osaba-izebek. Urtero egiten genituen irteerak, hasieran Nafarroako Pirinioetara familiarekin, eta gerora gurasoek afizio hori mantendu digute. Pozoi hori barruraino sartu zait eta ez da inoiz aterako. 

Eta zer sentitzen duzu eskiatzen? 

Bertze kirolekin konparatuz mendiko eskian askatasuna eta adrenalina sentitzen ditut. Mendiko eskian ez dago biderik markatua, zuk nahi duzun lekutik joaten zara eta jaitsierako abiadurak eta adrenalinak animalia baten gisa sentiarazten zaitu.

«Mila modu daude mendira eta naturara hurbiltzeko eta denak gustatzen zaizkit»

Lasterka ere aritzen zara.

Alpeetan biziko bagina ziur aski urtean 8 hilabete emanen nituzke eskiatzean, eta lasterka egitea osagarria izanen litzateke. Baina  Beran elurrik ez dugu. Mendian korrika egitea da mendiko eskira gehien hurbiltzen dena. Naturan dena gustatzen zait: oinez ibiltzea paseoan, belardi batean egotea etzanda, korrika egitea, eskalatzea... Mila modu daude mendira eta naturara hurbiltzeko eta denak gustatzen zaizkit. 

Zein lasterketeta eginen dituzu? 

Eski denboraldia ez da aunitzez ere gehiago luzatuko eta gero mendi lasterketak egiten hasiko naiz. Lehenengoa Berako izanen da, eta gero urterokoak, Camille-Extreme, Berroetakoa… ingurukoak. Pierra Mentak ikuspegia aldatu dit eta oroitarazi dit zer den gehien gustatzen zaidana. Hala ere, mendiko lasterketak egiten segituko dut eta  Zegama-Aizkorrin beti apuntatuko naiz. Apiril bukaeran mendiko eskiko Trofeo Metzalama lasterketa egiten da, Gran Courseko proba da, eta lagun bati bikoteak huts egiten badio beharbada berarekin joanen naiz.

Bertzerik? 

Norbait motibatua badago mendiko eskian lehiatzeko jar dadila kontaktuan nirekin, modu hagitz ona baita naturara hurbiltzeko. Inguruan bada jendea aritzen dena, maila onean gainera, eta proba bat egitera animatuko nituzke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun