Korrikalariz beteko da Bera asteburuan. Aurtengoan 19. edizioa eginen du Berako Mendi Maratoi Erdiak, eta 550 lasterkari aterako dira proban.
Irteera 09:30ean izanen da Ricardo Baroja eskola parean. Horren aitzinetik, dortsalen banaketa eginen dute larunbatean 17:00etatik 18:30era eta baita igandean berean ere, 08:00etatik 09:00etara kiroldegian. Irteera 09:30ean izanen da eta lehenengo korrikalaria 11:10 aldera ailegatzea aurreikusten dute. Azkenak 12:50 aldera ailegatuko direla kalkulatu dute, eta sari banaketa 13:30ean izanen da.
Proba ikustera joateko bi irteera ere antolatu dituzte: Larhunera igotzekoa 08:30ean aterako da eskolatik eta 14 kilometroko luzera izanen da, eta Landagainetara joatekoa, berriz, 09:00etan aterako da.
Dena ongi atera dadin bermatzeko 150 boluntario ariko dira bi anbulantziez, medikuez eta fisioterapeutez gain.
Aurtengo faboritoak
Irteera puntuan izanen da proba zortzi aldiz irabazi duen eta bertan errekorra duen Oier Ariznabarreta durangarra. Ariznabarretaz gain, iaz borzgarren lekua lortu zuen Josu Urrestarazu eta seigarren egin zuen Unai Zialtzeta irteera puntua izanen dira, baita Pablo Salaberria maratoilaria eta Walter Becerra ere.
Emakumezkoei dagokionez, iaz proba irabazi zuen Maddalen Jimenez beratarra eta 2023an irabazi zuen Ainara Urrutia ariko dira, baita berriki Arantzako lasterketan bigarren postuan sailkatu den Ane Elzaurdia beratarra eta Talaia Bidea irabazi duen Maud Combarieu ere.
550 lasterkarien artan 89 emakumeak izanen dira, eta Berako 39 lagunek hartuko dute parte.
Iaz egin bezala, aurten ere ez da plastikozko edalontzirik paratuko jan-edanak hartzeko tokietan. Mendi lasterketetan ohikoa den bezala, korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du ura edo edari isotonikoak edateko ibilbidean zehaztutako hainbat tokietan. Hori esker, lasterketako ingurune naturalean plastikozko hondakinak saihestea lortu nahi dute antolatzaileek.
Sariak
Guztira, 1.750 euro banatuko dira eskudirutan gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuetan sailkatutako lehen bortzen artean. Ibardingo tarteko helmugara lehendabizikoa ailegatzen denak ere 150 euroko saria hartuko du.
Emakumezkoen edo gizonezkoen errekorra hausten bada, 150 euroko saria izanen da. Sailkapenen araberako sariez gain, lehen bi taldeek ere sariak izanen dituzte.
Gainera, parte-hartzaileen artean produktu-zozketa eginen da iritsieran eta sari banaketa bukatzean Ricardo Baroja eskolako frontoian luntxa izanen da.
Gazteentzako Gazte Trail lasterketa
Helduen probaz gain, gazteentzako Gazte Trail proba eginen dute igandean. Lasterkariak hiru kategoriatan banatuta ariko dira: jubenilak, kadeteak eta infantilak.
Proba egiten lehenak 2007 eta 2008 urteetan jaitako jubenilak izanen dira. 10:15ean atera eta 9,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileak, 387 metroko desnibelarekin. Irteera kiroldegi parean izanen dute.
2o09 eta 2010 urteetan jaiotako kadeteek 7,9 kilometroko ibilbidea osatuko dute 283 metroko desnibelarekin. Irteera kiroldegi parean eginen dute 10:20an.
2011-2012 urteetan sortutako infantilek, aldiz, 6 kilometroko ibilbidea osatuko dute. 154 metroko bidea osatuko dute, eta irteera mendi maratoi erdiko 0,9 kilometroko puntuan izanen dute.
Kadeteetan gainera, ibilbide berria izanen da, erabiltzen ez zen bidezidor bat moldatu baitute probarako. Ibilbidea garbitu egin dute eta hainbat pasabide egin dituzte erreka gurutzatzeko. Hiru bideak Wikiloc aplikazioan paratu dituzte nahi dutenek egiteko eskuragarri.
Ttiki Trail larunbatean
Larunbatean, hilaren 12an, 16:00etan hasita, 6 eta 13 urte bitarteko haurrentzako lasterketak eginen dituzte. Maila denetan lehen 200 metroak hagitz poliki eginen dituzte araututako erritmoan.
- 6 eta 7 urteko haurrek 250 metro osatu beharko dituzte 16:00etan hasita. Kasu honetan sei urtetik beheitikoek ere hartzen ahalko dute parte.
- 8 eta 9 urtekoek 650 metro eginen dituzte 16:2oean.
- 10 eta 11 urtekoek 1.450 metro eginen dituzte 16:45ean hasita.
- Zaharrenek, 12 eta 13 urtekoek 2.050 metro eginen dituzte eta 17:15ean hasiko dira.
Ez da irabazleentzat saririk egonen, orden horrez denentzat opari ttiki bana izanen da. Gainera, bukatzean merienda emanen zaie parte hartzaileei denei.
Izen ematea debalde da eta egunean berean 15:00etan edo aitzinetik hemen egin daiteke.