Frantxia Haltzuet Altzate omenduko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 10a, 11:00

Frantxia Haltzuet Altzate familiarekin. 80 urte beteko dira larunbatean hil zenetik.

Berako Labiaga ikastola memoria historikoari buruzko zikloa egiten ari da azken asteetan eta zikloa bukatzeko, Frantxia Haltzuet herritarra omenduko dute apirilaren 12an. Ikastolak antolatu du omenaldia udalaren laguntzarekin, eta bi erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte. 

Frantzia Haltzuet Altzate Beran sortu zen 1908an, eta 1945eko apirilaren 12an hil zen Ravensbrückeko kontzentrazio esparruan jasandako jipoi baten ondorioz.

Gazte zela ezkondu zen Urruñara eta Comètè sareko kidea eta bertako laguntzaile nagusietako bat izan zen. Naziek okupatutako Europako herrialdeetatik hegazkin pilotu aliatuak ateratzeko azken urratsa izan zen Urruñako bere baserria, Bidegain Berri, eta bertan atxilotu zuen Gestapok 1943an. 

Hain zuzen, bere heriotzaren 80. urteurrenean eginen diote omenaldia sorterrian, 1945eko apirilaren 12an hil baitzen. Omenaldiaren bidez, historia emakumeek ere egiten dutela aldarrikatu nahi dute antolatzaileek. 

Hitzordua 11:30ean paratu dute, Altzateko plaza parean, errekaren bertze aldean dagoen plazatxoan. Omenaldian ikastolako ikasleek hartuko dute parte, eta baita herriko alkate Aitor Elexpuruk ere. Txalaparta doinuak aditzeko aukera izanen da eta Frantxia Haltzueten familia ere gonbidatu dute. Udalak Haltzueten omenez plaka bat atril batean paratuko du bertan, eta plaza horri bere izena paratuko diote. Omenaldi irekia izanen da eta herritar denak deitu dituzte parte hartzera. 

Memoria historikoaren garrantzia 

Memoriadun ikastola da Labiaga ikastola, eta memoria historikoa lantzen duten urtero ikasleekin. Aurten ikasgelako lana herriari zabaltzea erabaki dute ziklo baten bidez. Otsailean hasita hainbat ekitaldi egin dituzte, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, ekitaldi denek «hagitz harrera» ona izan dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun