Inolako bazterketarik gabeko gizartean kirolak ere garrantzi handia duela ulertuta, duela zazpi urte Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiak bere alea jartzen hasi zen, gizarte gero eta inklusiboago baten aldeko lanean. Ordutik, kirol honen hazkundea ikaragarria izan da eta pilota gero eta inklusiboago horren erakusleihorik egokiena izanen da Donostiako Atano III.a pilotalekua igande honetan. Aurten, lehen aldiz, Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiaren bi final handiak hartuko ditu Donostiako pilotaleku historikoak apirilaren 13an, 12:00etan hasita eta horietako batean ariko da Joseba Lasa lesakarra.
Inoiz baino parte hartzaile gehiago aritu dira lehian aurre-kanporaketetan (adimen urritasuna duten 32 pilotari eta urritasun fisikoa duten 12), eta kualitatiboki ere, kirolari hauen mailak nabarmen egin du goiti, urtetik-urtera. Ohikoa den bezala, lehenengo adimen urritasuna duten pilotarien arteko finala jokatuko dute, Jon Alzugurenek eta Eneko Sagarmendik, Joseba Altunaren eta Iraitz Huegunen kontra. Segidan gurpildun aulkian lehiatu diren bi bikoterik onenak arituko dira elkarren artean lehian, txapel preziatuen bila: Aingeru Senperena eta Maixi Cabanne, Joseba Lasa lesakarraren eta Edorta de Andaren kontra. Gurpildun aulkian aritzen diren pilotari hauek karbonozko pala iraultzaile batzuekin jokatuko dute eta pilotak ere azkarragoak eta txikiagoak izanen dituzte, jokoari abiadura eta ikusgarritasun handia emanaz.
Donostiara joaterik ez dutenentzat, jaialdia ETB-1 eta eitb.eus en zuzenean emanen dute eta nazioartean ere ikusteko modua izanen da ETB Basque katearen bidez.