[ARGAZKIAK] Giro ederra izan dute Igantziko Pala Egunean

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 9a, 17:00

Apirilaren 5ean pala partidak jokatu zituzten, omenaldia egin zitzien garai bateko palistei Aurresku eta guzi eta 55 lagun bildu ziren Biltokiko bazkarian. Argazkiak: Oskar Txoperena

1980 eta 2007 urteen artean jokatu ziren herriko pala txapelketak gogoratzeko Pala Eguna ospatu zuzten Igantzin apirilaren 5ean. Apirileko lehen larunbateko eguraldi bikaina lagun, pala partidak, omenaldia aurreskuarekin, bazkaria eta argazki zaharren proiekzioa izan zuten.

Pala partidei dagokienez, Juankar Unanuak eta Karlos Irigoienek beraien “gaztetasuna” aprobetxatu eta 25-13 irabazi zieten Xalba Lizardiri eta Xebe Txoperenari. Bigarren partida berdinduagoa izan zen eta Asier Santestebanek eta Mikel Antxordokik 25-23 irabazi zieten Imanol Telletxea eta Enaitz Telletxea aita-semeei.

Partiden ondotik, oroigarriak eman zizkieten garai bateko txapelketetan parte hartu zuten hainbat pilotariri eta ohorezko aurreskua dantzatu zieten Maiana Sein eta Ane Iantzi dantzariak. Biltoki elkartean egindako bazkari dotorean 55 bat lagun bildu ziren eta bazkal ondotik, txapelketaren argazki historikoen proiekzioa egin zuten, XX. mendean frontoiak izan zuen bilakaera erakusten zuten argazkiekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun