Etxalarko Udalak web orria erabat berritu du eta orain erabilgarriagoa da telefono mugikorretan

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 17a, 11:00

Web berritua ordenagailuko pantailan eta telefonoarenean.

Etxalarko Udalak Interneten duen www.etxalar.eus ataria erabat berritu du. Aldaketa apirilaren 9az geroztik dago ikusgai eta, itxura berritzeaz gain, webguneko nabigazioa orain errazagoa izatea eta edukien antolamendua ere sinplifikatzea bilatu du udalak.

Webguneari harroaldi bat eman nahi izan dio Etxalarko Udalak eta ordenagailuan ez ezik, mugikorretan eta tabletatan ongi ikusiko den atari berria estreinatu berri du aste honetan. Eta bidenabar, berrikuntza aprobetxatu dute webguneak zituen eduki guztien antolaketa garbiagoa eta arinagoa egiteko, batez ere sakelako telefonoaren bidez nabigatzerakoan eskertzen dena.

Sarrerako menu barra nagusian bortz atal daude orain: Udala, Herria, Agenda, Berriak eta Turismoa. Bloke nagusian, aldiz, herritarrek udalarekin egin beharreko hartu-emanetan erabilienak izaten diren atalak daude multzotuak: Udaleko tramiteak, Egoitza elektronikoa, Gardentasun ataria, Udalaren WhatsApp taldea eta Uholde arriskuetako SMS notifikazioetan alta ematekoa.

Berriak eta Agenda atalak ere aurkezpen berritua dute orain, bisualagoa eta erakargarriagoa. Izan ere, lehen ez bezala orain Agendak atal propioa du, eta herrian programatuta dauden jarduerak nabarmentzeko eta bilatzeko aukera hobeak ematen ditu.

Orain arte bezala, webgune berria bi hizkuntzetan nabigatu ahal izanen da: EUS eta ES. Dagoeneko euskaraz ikus daitezke atal guztiak eta, laster, gaztelaniaz ere ikusi ahal izanen da.

www.etxalar.eus atari berria Kulturkarik garatu du, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen www.bortziriakgz.eus eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatearen www.bhm.eus atariak bezalaxe. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun