Altzate karrika berritzeko 2,4 milioi euroko aurrekontua adostu dute Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 9a, 09:30

Oskar Txibite kontseilaria, Aitor Elexpuru Berako alkatea eta Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia atzo Iruñean.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Berako Udalak akordioa sinatu dute Altzate karrikan zaharberritze lanak egiteko. Altzate karrikako sareak, ur hornidura, saneamendua eta zerbitzuak, eta zoladura berrituko dituzte Mukixu zubitik hasi eta Altzateko plazaraino eta inguruko zirkulazioaren irisgarritasuna eta segurtasuna ere hobetuko dituzte. Guztira 2.371.810 euroko aurrekontua izanen dute lanek.

Atzo sinatu zuten akordioa Oscar Txibite Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak, eta Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia ere bertan izan zen.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, 2026ko aurrekontuaren kargura, 596.812 euro jarriko ditu Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta 600.000 euro Toki Azpiegituren Planaren (PIL) dirulaguntza baten bidez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiarenak. Berako Udalak, aldiz, gainerako 1.174.998 euroak jarriko ditu.

Txibitek nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuak zeharbideak hobetzeko duen konpromisoaren barruan sartzen direla zaharberritze lanak. «Hitzarmen honen bidez, Berako Udalaren eskaera bati erantzuten diogu, tokiko mugikortasunerako funtsezkoa den zati bat berrituz eta gidarientzako zein oinezkoentzako segurtasuna eta erosotasuna indartuz. Hobekuntza hori funtsezkoa da herriarentzat, segurtasunari eta hiri kalitateari dagokienez, administrazioen arteko lankidetzari esker». Akordioa sinatuta, lanen lizitaziorako epea hasiko da orain, eta behin esleipena eginda, Berako Udalak udan hasiko nahiko luke lanekin.

Ez da Berako Udalak esku artean duen proiektu bakarra, izan ere Eztegara eta Matzada arteko saihesbidea egiteko lanak ere esku artean ditu. Toki Ona institutuaren gibelean, Sastrako errekaren gainean zubi bat egin nahi dute, Eztegara eta Matzada lotuz, saihesbide urbano bat eginez. Kasu horretan ere, oraindik esleitzekoak dituzte lanak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun