Ekhitenen aurkezpen ekitaldia apirilaren 11n izanen da, ortziralean, 19:00etan, Lesakako herriko etxeko pleno aretoan. Bertan, komunitatearen helburuak, antolaketa eta etorkizuneko pausoak aurkeztuko dituzte. Aurkezpena herritar guztiei irekia dago, eta interesa dutenek energia berriztagarrien inguruko informazioa jasotzeko eta proiektuan parte hartzeko aukera izanen dute.
Ekhiten energia komunitatearen xede nagusia energia burujabetza lortzeko bidean aitzinera egitea da. Horretarako, energia berriztagarrien erabilera sustatu nahi da, argindar enpresa handien menpekotasuna gutxituz. Kontzientziazio eta hezkuntza ekintzak ere bultzatuko dira, mugikortasun jasangarria, kontsumo ohituren aldaketa, garraio publikoaren erabilera eta klima aldaketaren aurkako neurriak sustatzeko.
Lesakako Udalak bat egin du proiektuarekin eta herriko zenbait eraikin publikoen teilatuak eguzki panelak jartzeko eskainiko ditu. Nafarroako Gobernuak ere gai hauek lantzeko teknikari espezializatu bat du. Gainera, Nafarroako, Espainiako eta Europako erakundeentzat lehentasunezkoa da gai hau eta dagoeneko dirulaguntza programak martxan daude.
Egitasmoak eta etorkizuneko urratsak
Ekhiten komunitateak hainbat proiektu martxan jartzeko aukera emanen die bazkideei, eta haiek erabakiko dute zein garatu. Energia sortzeko instalazioez gain, tailerrak eta hezkuntza programak antolatuko dituzte. Kanpotik etor daitezkeen ekimenak ere aztertuko dituzte eta, egoki iritziz gero, komunitatearen babesa izanen dute. Bertzalde, kooperatibako kideek epe motzean beren argindar fakturan murrizketak eskuratzeko aukera izanen dute.
Lesakako energia komunitate berri honek herritarren eskuetan paratuko du energia berriztagarriaren sorkuntza eta kudeaketa, jasangarritasuna eta autokudeaketa sustatuz. Proiektu honek, energia burujabetzaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoa sendotzeaz gain, komunitatearen elkarlana eta parte-hartzea bultzatu nahi ditu.
Info+: ekhitenlesaka@gmail.com