Unai IPARRAGIRRE OSKOZ

«Bizitza bakarra da gustuko ez duzun zerbaitetan aritzeko»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 5a, 09:00

Lau hilabete daramatza lanean Unai Iparragirrek suhiltzaile gisa.

Unai IPARRAGIRRE OSKOZ, Arantzako suhiltzailea

Egunerokoa disfrutatzea gustatzen zaion Arantzako mutiko arrunta da Unai Iparragirre Oskoz. Kirola du afizio haundiena eta musean aritzea eta zinema ere gustuko ditu. Elektrizitate eta iturgintzako goi mailako zikloak ikasi eta urte batzuez fabrika batean mantentze lanak egiten aritu ondotik, aurtengo urtarriletik suhiltzaile gisa ari da lanean Nabaskozen eta gustura dago hartutako erabakiarekin. 

 Lagun batek gomendatuta, duela sei urte hartu zuen erabakia suhiltzaile oposizioak prestatzen hasteko: «Berak urte hartan atera zuen plaza Nafarroan, eta ikasten hastera animatu ninduen», kontatu du. Plaza ateratzeko, ordea, oposizio «gogorra» gainditu behar izaten dute izangaiek: «Lehendabiziko teoriako azterketa bat pasatu behar da, ondotik fisikoa eta azkenik psikoteknikoa. Behin plaza aterata, 9 hilabetez akademian prestatzen gaituzte», kontatu du. 

Iparragirreren kasuan, prozesua «gogorra» izan da: «Lana ez nuen utzi, beraz, goizetan zortzi orduz lan egin, eta arratsaldetan teoria ikasi eta proba fisikoak prestatzen aritu naiz. Lau urte egon naiz horrela». Hori egin zaio gogorrena aranztarrari, bizitza soziala urte batzuez bazter uztea: «Nirekin prestatzen ari zen jende gehiena ikasten eta proba fisikoak prestatzen bakarrik aritzen zen, eta nik lanean ari nintzenez opor egunak, asteburuak eta arratsaldeak aprobetxatu behar izan ditut oposizioa ongi prestatzeko, eta hori egin zait gogorrena».

Azterketei dagokionez, teoria ikastea «gogorra» egin zaiola dio:«Aunitz ikasi behar da, eta gainera ezta aski gainditzearekin, plaza atera nahi baduzu hoberena izaten saiatu behar duzulako». Horregatik, teoria «ia hitzez hitz» ikasi behar dela dio: Espainiako legedia, Nafarroako geografia (herriak, auzoak, mendiak, errekak, errepideak...) eta suhiltzaileentzako gai orokorrak ikasi behar izan ditu.

Zazpi proba fisiko

Teoria ikastearekin batera, azterketa fisikoak prestatu behar izaten dituzte, kasu horretan zazpi proba gainditu behar dira: igeriketa, abiadura, indarra, alboko jauziak, oreka, eta erresistentzia proba. Bi nabarmendu ditu horien artean: «Niretzat gogorrena igeriketa zen, inoiz ez bainaiz igerian aritu. Orekakoa ere berezia zen, bi metroko altueran, 10 zentimetroko biga baten gainean ibilbide bat osatu behar genuen, eta hau ere ez zen erraza, batez ere egunean berean izaten zen urduritasunagatik».

Proba hauek prestatzeko entrenamendu saio aunitz egin ditu Iparragirrek: «Astean hirutan entrenatzen nintzen igeri Lesakako igerilekuan, zein Iruñean entrenatzaile batekin, astean bitan indarra lantzen nuen eta bertze behin erresistentzia eta abiadura. Astean egun batez deskantsua behar izaten nuen, hori ere hagitz inportantea baita». Azken bi hilabetetan Iruñera joaten zen prestatzaile batekin proba denak prestatzera.

Lanbidearekin gustura

Azterketak gaindituta, urtarrilaz geroztik ari da lanean aranztarra eta momentuz «hagitz esperientzia polita» izaten ari dela dio. Nabarmendu du, sua itzaltzeaz harago, bertze lan aunitz ere egiten dituztela: auto istripuetan arreta ematea, mendi erreskateak, desagertuak bilatzea mendian, animalien erreskateak... «Nafarroan, gainera, anbulantziak dauzkagu parke bakoitzean eta beraz, bertze larrialdietara ere ateratzen gara». Lan egun bat nolakoa den kontatu du:«goizean bilera bat izaten dugu egun horretan izan daitezkeen arriskuak komentatzeko: eguraldia, errepidea... gero parkeko ibilgailuak ongi daudela ziurtatzen dugu, eta bai goizean eta bai arratsaldean praktikak egiten ditugu gerta daitezkeen egoerak argi izateko, hortik aitzinera, izan daitezkeen abisuetara joaten gara». 

Lanean ari ez direnean ere, suhiltzaileek zaintzeko ohitura dutela dio: «ez gaituzte behartzen, baina gehienei kirola gustatzen zaigu, eta lanean ari ez garenean ere, kirola praktikatzen dugu, horrela gure lanerako egoera fisikoa maila onean mantenduz». 

Suhiltzaile izan nahi dutenak oposizioa prestatzera animatu ditu: «Aunitzek plaza ateratzea ia ezinezkoa dela prentsatzen dute eta ez dira saiatzen. Nik ere hala uste nuen, baina, begira, benetan gustuko duzun helburu bat bilatuz gero, ezinezko dena errealitate bihurtu dezakezu». Gainerakoan, «edozein animatzen dut zaila izan arren, bere gustukoa duena lortzen saiatzera, bizitza bakarra baita gustuko ez duzun zerbaitetan aritzeko».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun