MARISOL PEREZ OLAETXEA

«Karrikan kantuan ibiltzeko ohitura hura galdu da»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 2a, 13:00

Marisol Perez Olaetxeak 35 urte daramazki Lesakako Abesbatza zuzentzen. Argazkiak: Nafarroako Abesbatzen Elkartea

Marisol PEREZ OLAETXEA, Lesakako abesbatzako zuzendari 35 urtez

Nafarroako Abesbatzen Elkarteak emandako urrezko domina hartu zuen martxoaren 8an Marisol Perez Olaetxea, Lesakako abesbatzako zuzendariak. 1982an sortu zenean hasi zen abesbatzan kantari eta 1990tik da zuzendaria. Hortaz, 35 urte zuzendari bete dituela errekonozitzeko eman zioten oroigarria eta, Emakumearen Eguna izaki, Marisol ez ezik, Altsasuko Erkudengo Ama eta Tafallako Tubala Uxoa eta Agrupación Coral Tafallesako zuzendariak ere saritu zituzten.

Aunitz aldatu da Lesakako Abesbatza duela 35 urtetik honat?

Hor badugu betiko oinarri bat, betitik hor gaudenak, 43 urtez elkarrekin gabiltzan hamar bat lagun, hori da taldearen zaina. Gero, bada jendea 30 bat urte edo gehiago dituena. Gaur egun 33 abeslari gaude, denak lesakarrak.

Marisol Perez Olaetxea martxoaren 8an Nafarroako Abesbatzen Elkarteak emandako urrezko domina hartzerakoan.

Kantutegia ere aldatu da hasiera hartatik?

Hasiera hasieran parrokia inguruan sortu zen abesbatza. Bazen gizonen otxote bat eta, elizaren inguruan, Maximo Hernandorena apezak antolatu zuen emakumeen talde bat mezan kantatzeko. Norbaiti gogoratu zitzaion bi taldeak bat egitea eta hortik sortu zen Lesakako abesbatza, 1982an. Hasieran elizako kantuak ziren eta poliki-poliki hasi ginen errepertorio laikoa sartzen, euskal folklorean oinarrituta gehien bat. Gero, saiatu gara bertze kulturetako kantuak ere sartzen. Orain, herriko besta handietan abesten dugu eta kanpora ere joaten gara kantatzera.

«35 urteko zuzendari lana errekonozitu dit  Nafarroako Abesbatzen Elkarteak urrezko dominarekin»

Non barna ibili zarete?

43 urtetan leku dezentetan ibili gara. Urruti? Toledon izan gara, Asturiasen… horrelako bidaiak egin ditugu. Euskal Herriko herrixka pila batean ere kantatu dugu eta horiek bereziak izaten dira, aunitz eskertzen dute. Aunitzetan ez dute kultur mugimendu handirik eta horrelako kontzertu bat aditzean hagitz gustura gelditzen dira. Lesakan ohituak gaude musika talde pila batekin, kultur mugimendu indartsu bat bada, baina erranen nuke hori ez dela normalena.

1982an sortu zenetik dago Lesakako Abesbatzan Marisol Perez Olaetxea.

Etorkizunera begira nola ikusten duzu abesbatza?

Ez da erraza gazteak taldean sartzea baina, orain, Lesakako Abesbatzan hiru gazte sartu zaizkigu ilusio handiz eta hagitz ongi etorriak izan dira. Baziren urteak ez zela inor animatzen. Ez da Lesakari bakarrik eragiten dion fenomeno bat, orokorra da. Haurren abesbatzak badira, helduen abesbatzak ere bai, pila bat, baina bada tarteko adin bat galdu egiten dena. Hirietan errazagoa da, ikastetxeetan, baina herri guztietan arazo berdintsua dugu. Urrezko domina hartu genuen lau zuzendariek gauza beretsua aipatu genuen. Niri nabarmena iruditzen zait, musika eskolak ikaslez beterik ditugu, baina gero ez dute abesbatzetarako irteera hori ikusten, gehiago jotzen dute musika tresnatara. Hor bada lan bat egin beharrekoa eta denen artean egin behar dugun lana, gaztetxoak musika koralera bideratzeko. Musika eskoletan koralei inportantzia gutti ematen zaiela iruditzen zait, ordu gutti ematen dira. Akademikoki solfeoan eta izugarrizko maila dute, baina musika korala hori baino aunitzez gehiago da: beldurra galtzea kantatzeari, kantatzea… Garai batean, edozein bestatan jendea kantuan ibiltzen zen karrikan, berez, naturaltasunez, espontaneoki… Orain ez dut horrenbertze ikusten, ohitura hura galdu da.

Lesakako Abesbatza kantari martxoaren 8ko sari banaketa ekitaldian.

«Gaztetxoak musika koralera bideratzeko lana egin behar da»

Donostiako Opera Lagunen Elkarteko presidente izan zara lau urtez…

Horretan ibili naiz, bai. Bertze mundu bat da, arrunt ezberdina eta hagitz gustukoa dut, baina azken urteetan pixka bat abandonatua dut, bertze lanetan aritu behar izan dudalako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun