250 lasterkari espero dituzte igandean Arantzako Mendi Lasterketan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 27a, 14:30

Lasterketa 09:30ean hasiko da eta lasterkariek 20 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.

Iragarri zuten eta ailegatu da eguna. Igande honetan, martxoaren 30ean, mendi lasterkarien bilgune bihurtuko da Arantza. Mendi lasterketaren bosgarren edizioa izanen da eta dena behar bezala ateratzeko buru-belarri aritu da lanean Ekaitza Elkarteko zuzendaritza. Egunean bertan, boluntarioak izanen ditu bidelagun, eta ez gutti gainera, halako lasterketa bat ongi ateratzeko 70 boluntario baino gehiago ariko baitira igandean lanean.

Ibilbidea

Lasterketa 09:30ean hasiko da plazan eta berriz plazara ailegatu aitzinetik 20 kilometro dituen eta 1.300 metroko malda duen bidea egin beharko dute lasterkariek. Malda goiti hasi beharko dute lasterketa. Plazatik abiatuta, lehenbizi Bulatxikira eta ondotik Zepurura (715 m) igo beharko dute, eta Illurdi (1.072 m) izanen dute hurrengo erronka, lasterketako punturik altuena. Ondoko kilometroak mila metro inguruko altueran egin beharko dituzte: Ekaitzatik (1.040 m) pasatuta Ibintzara joan beharko dute (1.032 m) eta handik Ollargatara (660 m) jaitsi. Herrirako bidea hartuko dute segidan, maldan beheiti, baina azken zatia maldan goiti egin beharko dute berriz Arruzpitik herri aldera.

Lasterketa gehienez hiru ordu eta hamabortz minutuz osatu beharko dute kirolariek eta Ekaitzatik gehienez ordu batez eta 45 minutuz pasatu beharko dute.

Izen emateek izan duten arrakasta ere aipatzekoa da. 250 lasterkarik eman dute izena, tartean, eskualdekoek, baina badira kanpoan gelditu direnak ere, uste baino agudoago bukatu baitira dortsalak. Dortsalak lasterketaren egunean 08:00etatik 09:00etara hartzen ahal izanen dira eta lasterketa Nafarroako Koparako puntuagarria izanen da. 

Sariak

Emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, lehenbiziko hiru sailkatuek sariak izanen dituzte, eta horrez gain, Ekaitzako kaskotik pasatzen den lehenbiziko Bortzirietako emakumezko eta gizonezko lasterkariek Xabier Zubieta Saria hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun