Udaberriko Organo zikloa abiatuko da larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 27a, 12:00

Paz de Ziganda helduen abesbatzak Queen talde britainiarraren musika duen ikuskizun bat ekoizten du gaur egun. Larunbatean, ordea, erlijio musika abestuko du.

Erlijio musika kontzertua eskainiko du Paz de Ziganda helduen abesbatzak, zenbait organista eta musikarien laguntzaz

Erlijio musika kontzertua eskainiko dute martxoaren 29an, larunbatean 19:30ean hasita Lesakako San Martin de Tours elizan. Mari Paz Arizkunen zuzendaritzapean, Paz de Ziganda helduen abesbatzak kantatuko du, Alvaro Landa, Ildefonso Erburu eta Jose Luis Etxetxipia organisten eta Jose Luis Larraburu oboe jotzailearen musika lagun dutela. Lesakako Roqués Organoaren Lagunak elkarteak lagundu du antolaketan.

 

Paz de Ziganda Helduen Abesbatza

2010ean sortua, Paz de Ziganda Helduen Abesbatzak urte bereko ekainean egin zuen debuta, Ikastolak berak antolatzen zituen Nafarroa Oinez-eko ekitaldien harira.

Hamabortz urteko bere ibilbidean kontzertu ugari eman ditu Iruñean eta Nafarroako gainerako herrietan, eta nabarmentzekoak dira Nafarroako Gobernuaren Kultur programarako egindakoak, Iruñeko Katedralean, eta Nafarroaren Egunaren ospakizun ofiziala Nafarroako Parlamentuan.

Paz de Ziganda Helduen Abesbatza 50 kide inguruk osatzen dute gaur egun, Ikastolako guraso eta irakasleen artean nagusiki, eta Federación de Coros de Navarra/Nafarroako Abesbatzen Elkarteko kidea da.

2010ean sortu zenetik, Mari Paz Arizkun da zuzendaria.

 

Udaberriko Organo Zikloa

Hain zuzen, Udaberriko Organo Zikloaren lehen emanaldia izanen da larunbatekoa. Bigarren kontzertua apirilaren 6an, igandean 17:30ean eskainiko dute Loreto Aramendi organistak eta Ainhoa Merzero sopranoak.

Bi kontzertuek Lesakako Udalaren babesa dute, eta 5 euroko borondatezko ekarpena aurreikusi da bertaratutakoentzat. Horri esker, kontzertuak pantaila handi batean proiektatu ahal izanen dira, eta, horrela, elizako koruan eginen den interpretazio musikala ikusi ahal izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun