Gaztetxeak Bertsotan sariketan parte hartu dute Kattin Madariagak eta Haira Aizpuruak

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 24a, 14:00

Ortziralean eta larunbatean jokatu zituzten Hernaniko eta Altsasuko gaztetxeetan Gaztetxeak Bertsotan sariketako kanporaketak. Kattin Madariaga eta Haira Aizpurua aritu ziren bertsotan, baina ez zuten finalaurrekoetara zuzeneko txartela lortu. Hala ere, oraindik izanen dute hurrengo fasean kantatzeko aukera.

Ortziralean Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean aritu ziren Kattin Madariaga aranztarra eta Enara Gallastegi, Ekhi Zuluaga eta Gorka Pagonabarraga eta Danel Etxeberria eta Janire Arrizabalaga. 60 lagun bildu ziren saioa aditzera, eta Zuluagak eta Pagonabarragak lortu zuten zuzeneko txartela finalaurrekorako.

Larunbatean, berriz, 100 lagun inguru bildu ziren Altsasuko gaztetxean  sei bertsolarien jarduna aditzeko. Haira Aizpurua saratarra Nahia Etxeberrirekin aritu ziren kantuan, Elixabet Etxandi eta Eukene de los Aires, eta Aitor Tatiegi eta Suhar Gesalaga bertsolariekin batera. Saioa bukatuta, azken bikoteak lortu zuen finalaurrekotarako txartela.

Eskualdeko bi bertsolariek finalaurrekoetara zuzeneko sailkapenik lortu ez badute ere, oraindik badute sailkatzeko aukera. Izan ere, kanporatutako bi bikote aukeratuko dituzte hurrengo fasean kantatzeko. Horretarako, Gaztetxeak Bertsotan sariketako Instagram kontuan eman behar da bozka.

Martxoaren 27an jokatuko dute lehen finalaurrekoa Bilboko 7katu gaztetxean, eta apirilaren 10ean, bigarrena Gasteizko gaztetxean. Unax Aizpurua saratarra dagoeneko sailkatua da Aroa Arrizubietarekin batera kantatzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!