Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa bukatzeko, txapelketa mistoko finala jokatu zuten igande goizean Ibarran (Gipuzkoa), 580 kiloz beheitiko kategorian. Lesakako Beti Gaztek ez zuen hutsik egin eta, tiraldi guztiak nagusitasunez irabazita, txapela jantzi zuen. Ondotik, podiumera igo ziren Txantrea (bigarren) eta Berriozar (hirugarren). Beraz, podium osoa nafarra izan zen. Ondotik sailkatu ziren Ibarra, Badaiotz eta Abadiño.
Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Amaia Leiza, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Maialen Lopez eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran eta Joxe Angel Mitxelena izan zen entrenatzaile.
Gauzak honela, Beti Gaztek ezin izanen du joan den urteko marka berdindu (jokoan izaten diren zazpi txapelak irabazi zituen lehen aldiz historian), baina Euskal Herriko bortz txapel lortu ditu: Gizonezkoak 680, 640 eta 600 kilotan, emakumeak 540 kilotan eta mistoa.