Beti Gazte sokatira taldeak ez du aurten Euskal Herriko txapel guztiak jantziko. Lehenbiziko laurak irabazi eta bide horretan zen, baina larunbatean Abadiñon jokatu zen jardunaldi bikoitzetik esku hutsik bueltatu zen. 560 kiloko gizonezkoen txapelketan, lesioen ondorioz, ez zuen talderik aurkezterik izan Beti Gaztek. Ñapurrak izan zen txapeldun gizonezkoen pisu arinenean, Abadiño bigarren eta Ibarra hirugarren.
Emakumeen 500 kiloko hirugarren jardunaldian gertatu zena, oraindik ankerragoa izan zen. Beti Gazteko emakumeek, bigarren jardunaldian bezala, tiraldi guztiak irabazi zituzten, Ibarra bigarren izan zen eta Txantrea hirugarren. Baina hiru jardunaldietako puntuen batura eginda, berdinduta gelditu ziren Beti Gazte eta Ibarra (lehen jardunaldian hirugarren izan baitzen Beti Gazte). Faltak kontuan hartuta ere berdinduta zeuden Beti Gazte eta Ibarra, baina gipuzkoarrek pisu arinagoa zutenez, beraientzat izan zen txapela. Beti Gazte bigarren izan zen eta Txantrea hirugarren.
Euskal Herriko sokatira txapelketa bukatzeko, txapelketa mistoko finala jokatuko dute martxoaren 23an, heldu den igandean Ibarran (Gipuzkoa). Beti Gazterekin batera, Ibarra, Txantrea, Berriozar, Abadiño eta Badaiotz izanen dira finalean.