Otsailaren 17an UEMAk bigarren urtez segidan ‘Egin nirekin ere euskaraz’ kanpaina abiatu zuen bere udalerrietan, etorri berri euskaldunak ikusarazteko, euskarak kolore aunitz dituela aldarrikatzeko eta aurreiritziak gainditzeko. Horietako bat izaten ahal da honako hau: etorri berria edo migratzailea bada ez daki euskaraz. Kasu, etorri berri edo atzerriko jatorria izanagatik, euskalduna izaten ahal da edo euskara ikasten ari. Eta hala ez bada ere, behinik behin lehen solasa euskaraz egin ezean, honako mezua ematen diegu kanpoko jatorria duten herritar horiei: euskara ez da zuena. Bertze aurreiritzia izaten ahal da, herritar bat itxura fisikoagatik “bertakoa” eta euskalduna ez dela pentsatzea, eta izaten ahal da bi gauzak: bertan sortua eta euskalduna.
Joan den urteko kanpainaren protagonistak haurrak izan ziren eta aurtengoan ostalaritza eta zerbitzuetako langileak izan dira protagonista. Kanpaina honek egiazko herritar eta lekukotzak ditu oinarri. Laburbilduz, euskarak kolore aunitz dituela eta herritar horiek guztiak euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak, azalaren kolorea edota bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren.
Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun taldearen bilera
Joan den urtean sortu zen aniztasun taldea, etorri berrien harrera elkarlanean lantzeko, hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzeko, eta jatorri anitzetako herritarrei euskara hurbiltzeko. Talde honek antolatu zuen joan den urtean Bortzirietako aniztasun besta eta aurtengo plana prestatzen ari dira asteotan. Bertzeak bertze, Egin nirekin ere euskaraz kanpainaren zabalkundea egitea erabaki du taldeak eta bere ekimena izan da Bortzirietako agerraldia antolatzea. Martxoaren 12an, asteazkenean, egin zuten, Arantzako Pabloenea ostatuan.
Parte hartzaileak:
- Luz Celenia Nibal Feliciano: Berako herritarra eta Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun taldeko kidea. Bortzirietako euskaltegian euskara ikasten ari da, B1 mailan.
- Aimar Zubieta Larretxea: Arantzako Pabloenea ostatuko langilea eta arduraduna.
- Eloisa Rodriguez Gomes: Arantzako Pabloenea ostatuko langilea. Txikitan etorri zen Brasiletik Arantzara. Euskalduna da.
- Maider Goizueta Sarratea: Lesakako Irain eskolako Guraso Elkarteko kidea. Guraso elkarteak aniztasun taldean parte hartzen du.
- Leire Mitxelena Gamio: Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria eta Arantzako ordezkaria UEMAn.