Euskal Herriko sokatira txapelketa azken txanpan sartu da eta bi txapel banatuko dituzte martxoaren 15ean, larunbatean 17:00etan Abadiñon hasiko den azken aurreko jardunaldian. Emakumeek 500 kiloko txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute eta gizonezkoek pisu arineneko txapela, 560 kilokoa, jardunaldi bakarrean.
Emakumezkoen 500 kiloko txapelketan lehia handia dago. Otsailaren 22an Berangon (Bizkaia) jokatutako lehen jardunaldian Ibarra izan zen lehena, Txantrea bigarren eta Beti Gazte hirugarren. Pobesen (Araba) martxoaren 8an jokatutakoan, aldiz, Beti Gazte nagusitu zen, Ibarra eta Txantrearen aitzinetik. Gauzak honela, azken jardunaldira Ibarra 11 punturekin, Beti Gazte 10ekin eta Txantrea 9rekin ailegatu dira. Ibarrak eta Beti Gaztek beraien esku dute txapela janztea. Horretarako irabazi egin beharko lukete Abadiñon. Txantreak karanbola handia beharko luke txapeldun izateko eta Badaiotzek, Berriozarrek eta Abadiñok ez dute aukerarik.
Gizonezkoen pisu arinenean, 560 kiloko txapelketan, Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira.
Larunbatean Abadiñon emanen diren bi txapelen ondotik, bakarra geldituko litzateke jokoan, txapelketa mistokoa. Finala martxoaren 23an jokatuko dute Ibarran eta hor ere Beti Gazte izanen da lehian.