Lagun ezkutua eginez ospatu nahi dute Liburuaren Eguna Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 14a, 11:00

Joan den urteko lehen edizioan 58 lagunek parte hartu zuten Etxalarren Liburuaren Eguneko lagun ezkutuan. Argazkia: Laura Elizagoien

Iazko edizioa arrakastatsua errepikatzea du helburu Altxata elkarteak, herritarren artean irakurzaletasuna sustatuz

Irakurzaletasuna bultzatu nahian, aurten ere herri mailako lagun ezkutua antolatu du Altxata elkarteak. Joden den urteko lehen edizioan 58 lagunek parte hartu zuten eta, iaz bezala, aurten ere bi kategoriatan parte hartzeko aukera izanen da, haurrak eta heldua. Lagun ezkutua izanen balitz moduan, bakoitzak tokatzen zaion pertsonari liburu bat oparitzea izanen da jolasa. Apirilaren 23a Nazioarteko Liburuaren Eguna dela aprobetxatuz, egun horretan hartuko dituzte liburuak.

Izena ematea apirilaren 2ra arte

Parte hartu nahi dutenek apirilaren 2a baino lehen eman beharko dute izena Pello Apezetxea kulturgunean. Egun horretan, 17:00etan zozketa eginen dute. Norbaitek ezin badu zozketara agertu, aste horretako arratsalderen batean pasa daiteke Kultur Etxetik. Apirilaren 3tik apirilaren 16ra kutxa bat izanen da Kultur etxean. Liburua opari paperean bildu eta bakoitzari tokatu zaion pertsonaren izena paratuta utzi beharko da kutxan. Apirilaren 23an, Nazioarteko Liburuaren Egunean, 17:00etan zabalduko da kutxa, bakoitzak bere oparia jaso dezan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun