Euskal Herriko laugarren txapela jantzi du eta bosgarrena hurbildu Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 10a, 20:00

Euskal Herriko 600 kiloko txapela jantzi zuen Beti Gazteko gizonezkoen taldea eta 500 kiloko jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituen emakumeen taldea larunbatean Pobesen. Argazkia: Potronko

Gizonezkoen 600 kiloko taldeak tiraldi guztiak irabaziz lortu zuen txapela eta emakumeen 500 kiloko taldea ere nagusi izan zen Pobeseko jardunaldian

Euskal Herriko sokatira txapelketan laugarren txapela jantzi du larunbatean Lesakako Beti Gazte taldeak Pobesen (Araba). Gizonezkoen 600 kiloko finala jokatu zuten eta tiraldi guztiak irabazi zituen Lesakako taldeak txapela lortzeko. Ezpeletako Ñapurrak taldea bigarren izan zen, Zuraide hirugarren, Txantrea laugarren, Ibarra bosgarren eta Abadiño seigarren.

Beti Gazteko gizonezkoak 600 kiloko txapelarekin Pobesen. Argazkia: Potronko

600 kiloko txapela jantzi zuen Beti Gazteko zortzikotean Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Iker Pikabea, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Ander Mitxelena entrenatzaile eta Ruben Pedrosa laguntzaile zituztela. Gisa honetara, Beti Gazteko gizonezkoek 680, 640 eta 600 kiloko Euskal Herriko txapelak lortu dituzte eta heldu den larunbatean, martxoaren 15ean, izanen dute 560 kilokoa irabazteko aukera Abadiñon.

Beti Gazte, Ñapurrak eta Zuraide, Euskal Herriko 600 kiloko sokatira txapelketaren podiumean. Argazkia: Potronko

Final horretaz gain, emakumeen 500 kiloko txapelketako bigarren jardunaldia ere jokatu zuten Pobesen. Kategoria honetan ligaxka modura jokatzen ari direla eta lehenbiziko jardunaldian hirugarren izan zirela kontuan hartuz, hil ala biziko jardunaldia zen Beti Gazteko emakumeentzat, Abadiñoko hirugarren jardunaldira “bizirik” ailegatzeko. Hori kontuan hartuta, bere onena eman eta tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek, 6 puntu eskuratuz. Bigarren izan zen Ibarra, hirugarren Txantrea, laugarren Badaiotz, bosgarren Berriozar eta seigarren Abadiño. Gauzak honela, sailkapen orokorrean Ibarrak 11 puntu, Beti Gaztek 10 eta Txantreak 9 eta hiruen artean jokatuko da txapela heldu den larunbatean Abadiñon. Beti Gaztek Abadiñon irabaztea lortuko balu, beretzat izanen litzateke txapela.

Beraz, ondoko bi asteburutan hiru txapel erabakitzea geldituko zaio Euskal Herriko sokatira txapelketari. Martxoaren 15ean, Abadiñon, emakumeen 500 kiloko azken jardunaldia eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dute saio bakarrean (Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira). Martxoaren 23an, txapelketa mistoko finala jokatuko dute Ibarran eta hor ere Beti Gazte izanen da lehian.  

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun