Arantzako Udalak deituta, 12:00etan egin zuten hitzordua herriko plazan. Ana Maeztu berdintasun zinegotziak hartu zuen hitza eta «genero berdintasuna oraindik lortu gabea den justizia sozialeko auzia» dela nabarmendu zuen: «Legeek eta araudiek berdintasun formala aitortu arren, berdintasun erreala ez da lortu, egunerokoan oztopo nabarmenei aurre egin behar baitiete lanaldi bikoitzak edo hirukoitzak egin behar dituztelako».
Horren erakusle, Nafarroako hainbat datu paratu zituen mahai gainean. Bertzeak bertze, «gizonek emakumeek baino % 20 gehiago kobratzen dutela» aipatu zuen, baita «lanaldi partzialeko enpleguen % 80 baino gehiago emakumeek betetzen dutela eta % 87rentzat familiako betebeharrek haien lanaldia baldintzatzen duela» ere. «Emakumeek denbora bikoitza ematen dute zaintza lanetan eta etxeko lanetan, eta horrek eragin negatiboa izaten du kalitatezko enpleguak lortzerakoan eta, oro har, haien ongizatean. Horren adibide, zaintza lanen eraginez, ordaindutako enpleguan, emakumeek izaten duten inaktibitate tasa % 27,2koa da; sektore feminizatuak, hau da, langile gehienak emakumeak dituzten lanak, oraindik prekarizatuenak dira».
Bere hitzetan, «ordaindutako eta ordaindu gabeko lanaren dualtasunaren emaitza egiturazko desberdintasuna da» eta hori «urgentziaz agerian jarri eta konpondu beharrekoa» dela gehitu zuen. Gisa berean, «Fake news delakoak eta berdintasuna lortua dela baieztatzen duten mitoak alde batera uzteko» erran zuen, eta Arantzako Udalak «politika publikoak eta administrazio erabakiak genero ikuspegiarekin aplikatzeko konpromisoa» duela adierazi zuen.
Herritarrei gaiaren inguruan «kontzientzia hartzeko» deia egiteko ere probestu zuen hitzordua, «gure gazteek pantailaren bidez hartzen dituzten mezuei erne egoteko, familian zaintza eta etxeko lanak elkarbanatzeko eta seme-alabak berdintasunean eta berdintasunerako hezteko» eskatuz. «Pauso ttikiek aldaketa haundiak ekartzen dituztelako, segi dezagun denok batera pausoak ematen berdintasunaren bidean».
Ondotik, Maddi Larraldek eta Jaione Maziziorrek bi kanta kantatu zituzten bildutakoen gozamenerako. Txalo artean borobildu zuten ekitaldia.