Euskararen Bortzirietako III. Plan Estrategikoa osatzeko galdetegiari erantzuteko azken aukera

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 8a, 07:00

'Euskara elkarrekin irudikatu' kanpainaren logotipoa.

Abian da Bortzirietako Euskara Mankomunitateak III. Plan Estrategikoa (2026-2031) osatzeko parte hartze prozesua. Herritarrek eta eragileek prozesu horretan parte hartzeko lehen aukera izanen dute mankomunitateak zabaldu duen galdetegiari erantzunez.

Galdetegian oinarrizko datu batzuk eskatzen dira, norberaren euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko bertze datu batzuk, eta euskarak egun bizi duen egoeraren inguruko iritziak eskatzen dira, baita etorkizunerako erronkak zein diren ere.

Galdetegiari euskaraz nahiz gaztelaniaz erantzuten ahal zaio. Izan ere, oraingo prozesu honetan herritar euskaldunen eta euskaltzaleen ekarpenak biltzeaz gainera, mankomunitateak euskaraz ez dakitenen, ikasten ari direnen edota kanpotik gurera etorri berri direnen iritziak eta proposamenak ere jaso nahi ditu.

Galdetegiari erantzuteko aukera izanen da martxoaren 9ra arte. Hortik ateratako emaitzak diagnostikoa osatzeko eta hurrengo sei urteetarako planaren oinarriak finkatzeko balio izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun