Aitor Elexpuru

«Ur hornidura eta saneamendua, mugikortasuna, etxebizitza eta kirol instalazioak dira gure erronka nagusiak»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 9a, 10:00

Aitor ELEXPURU EGAÑA, Berako alkatea

«Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan, Bidasoa bazterrean, itsas mailatik 56 metrora, eta 3.790 biztanlerekin». Halaxe hasi du Berako herriaren aurkezpena Aitor Elexpuru Egaña alkateak.

«Gaur egun zerbitzuak eta industria nagusi» direla erranez segitu du Elexpuruk; «eta baserri auzo eremu zabalak ditu. Garai batean, nekazaritza jarduera indartsua izan zen, baina azken hamarkadetan beheiti etorri da».

2019an hartu zuen alkate kargua, eta bigarren agintaldia du. Kontatu duenez, «Berako Udalak normalean lau milioi euro inguruko aurrekontua» izaten du, baina aurten kopurua hazi egin behar izan dute: «Toki Inbertsio Planeko obrak tarteko, aurrekontua 6.224.869,24 eurora gehitu zaigu». Eta diru sarrera eta gastuen zenbatekoa adierazita, «Ubelan, Zalainen eta Agerran dauden industrialdeek herriko ekonomiari egiten dioten ekarpena» oroitarazi du, «baita Ibardinek ere».

Lau erronka

Berako herriaren erronkak edo arazo nagusiak lau ataletan sailkatu ditu alkateak: «Ur hornidura eta saneamendua, mugikortasuna, etxebizitza eta kirol instalazioak». Horietako bakoitza, banaka-banaka esplikatu du.

Ur hornidura eta saneamendua

Ur hornidura eta saneamendua «lehentasuna eta erronka handia» izaten ari dela onartu du Elexpuruk, eta «buru-belarri» ari direla horretan. Hasteko, «2014tik 2019rako agintaldian, Lesaka eta Bera toki beretik urez hornitzeko Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioak egindako proiektua» ekarri du gogora: «Milioi bat eurotik goiti gastatu zituzten, Pillotegiko ur depositua egin zuten, baina ezin da martxan paratu, uraren kalitatea ez da ona». Honela gehitu du: «Proiektu hori martxan ez paratu izanak eta hainbertze urtetan gure herrian uraren sarea berritzeko ez inbertitu izanak ataka batean jarri gaitu, eta azken urteotan buru-belarri ari gara sareak berritzen». Horren adibide, «Legarbidean, Agerran, Bidasoa karrikan, Zalaingo depositutik foruen plazara eta Kanttonberri auzoan egindako lanak» aipatu ditu. Aurten ere badituzte proiektuak esku artean: «Ekainean hasita, Altzateko karrikan lanak eginen ditugu. Inbertsio handia da, 2,5 milioi eurokoa, eta heldu den urteko azaroan bukatuko dela aurreikusia da». Hori eginda, «Illekueta geldituko zaigu, eta hori da gure azken erronka. Hori berrituko bagenu, herria ongi geldituko litzateke».

Saneamenduari lotuta, «iaz Ibardingo merkataritza gunea» berritu zutela eta aurten «Zalaingo industrialdeko saneamendua» egiten hasi nahi dutela kontatu du: «Bi fasetan eginen dugu: aurten bat eta heldu den urtean bertzea».

Mugikortasuna

Mugikortasunak ere kezka sortzen dio Berako Udalari. Eta horri erantzuteko asmoz, badituzte egitasmoak buruan. Alde batetik, «Altzate karrikako trafiko handiari erantzutea» dute helburu: «Altzate karrikatik egunero 4.300 bat ibilgailu pasatzen dira, eta badira 4.700eko egunak. Trafiko arazo handia dugu, eta trafiko horren kopuru handi bat herrigune historikotik ateratzeko saihesbidea egin nahi dugu». Arestian aipatu dituen Altzateko karrikako lanak ekainean hasiko dituztela kontuan hartuz, «ezinbertzekoa dugu saihesbidearen lehenbiziko zatia eraikitzea, ikastola eta Matzada arteko lotura. Ekaina baino lehen egin nahi dugu». Bigarren fasea ere esku artean omen dute: «Nafarroako Gobernua bigarren faseko proiektua idazten ari da, Matzadatik Angulerorako zatia izanen litzateke, eta hortik Lizuniaga-Sara aldera joanen litzateke trafikoa. Kontuan izan behar da Dantxarineko merkataritza gune aldera trafiko handia pasatzen dela Beratik. Bigarren fase hori eraikitzeko finantziazio bila ari da Udala». 

Aparkalekuak ere buruhausteak sortzen dituzte Beran: «Batez ere eskola egunetan arazoak izaten ditugu. Toki Onako aparkalekua eta herri erdigunea kotxez betetzen da. Badira bertze aukerak, Matzadako aparkalekua, adibidez. Baina hutsik izaten da. Hor ere lanketa egin behar dugu».

Garraio publikoarekin ere «gabezia» sumatzen du Berako alkateak. «Nafarroako Gobernua lizitazio deialdia egitekotan da eta espero dugu, bai Irunerako, bai Iruñerako autobus zerbitzua hobetzea». Eta mugikortasunari lotuta, «San Miguel zubitik Zubixabalera arteko bizikleta bidea egiteko proiektua aurten egiteko asmoa dugu». Hala, Europa osoa bizikletan ibiltzeko azpiegituren bitartez lotzen duen Eurovelo sarearen barrenean sartu nahi dute herria.  

Etxebizitza

«Etxebizitza hutsak bai, baina alokairurako arazoak». Hori ere bada udalaren kezka iturri: «Jendeak ez du errentan eman nahi, prezioak altuak dira, espekulatzen da, bada eraikitzeko lurra baina jabeek ez dute beharrik, promotoreak ez dira sartzen… Etxebizitza eskaintza ttiki batzuk egin dira, baina ez da aski eta jendeak etxebizitza bilatzeko arazoak ditu». Eta uholde arriskua ere kontuan hartu beharrekoa dute: «Uholdeekin gero eta arazo gehiago ditugu, eta erreka bazterretan, eraikigarriak diren inguruetan eraikitzen ahal den edo ez ikusi beharko da».

Kirol instalazioak «inbertsio beharrean»

«Futbol zelaia berria da, baina gainerako kirol azpiegiturak inbertsio beharrean daude». Horixe kontatu du alkateak: «Igerilekua, kiroldegia, atletismo pista… 90eko hamarkadan eraikitako instalazioak dira, zahartzen ari direnak». Adibide batzuk eman ditu: «Igerilekuak araudira egokitzeko inbertsio handiak egin behar dira; kiroldegian, energia kontsumoa aurrezte aldera, fatxada inguratzaileak paratu behar dira eta horrek ere inbertsio handia eskatzen du; eta frontoiko teilatuak ere arazoak ematen dizkigu».

Euskara «gibelera»

Eta lau puntu horietaz gainera, euskara da bertze erronka, eta alkatearen arabera, «handia»: «Euskara gibeleraka ari dela iruditzen zaigu, gehienbat erabilera. Datuen arabera, Bortzirietako herririk erdaldunena da. Etorkin kopurua ere dezentea da eta horrek eusten dio demografiari, baina jende hori integratze aldera, inportantea da euskaraz ikastea. Lanean segitu beharko dugu».

Hiru lanpostu falta betetzeko

Langile kopuruari dagokionez, gaur-gaurkoz hamabi langile ditu Berako Udalak. «Baina hiru lanpostu hornitu beharrak ditugu», gaineratu du. «Lau administrari ditugu, idazkaria, kontu hartzailea, arkitektoa, aparejadore bat lanaldi erdian kontratatu beharra, albinte bat lanean eta bertzea falta, kultur teknikaria, basozaina, karrikako lanetarako brigadan bi langile lanean eta hirugarren lanpostua bete beharra».

Gainerakoan, Berako herriak «nahiko baliabide eta zerbitzu» dituela iruditzen zaio, «urrutira joan gabe, nahiko hornituak» daudela. Beran, «haur eskola, Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxe, institutua, musika eskola, kultur etxea eta liburutegia, herriko frontoia eta auzoetan hiru ttikiagoak, igerilekuak, futbol zelaia, atletismo pista, osasun kontsultategia…» dituzte. Badira baliabideak, baina eskatzen hasita, osasun kontsultategia «ttiki» gelditu zaiela aipatu du: «Osasun kontsultategirako bertze toki baten bila ari gara».

Herri ttikien eta handien arteko «desberdintasunez» ere aritu da: «Herri ttikietan zerbitzuak falta izaten ahal dituzte eta gehiago mugitu behar dute, Bortzirietako kasuan, Berara edo Lesakara». Kontrara, «herri ttikietan lasaiago bizitzeko aukera» dutela nabarmendu du: «Beran, adibidez, trafiko handia dugu, kutsadura, soinua…  Eta naturaren aldetik, Beran ongi gaude, baditu baserri auzoak eta mendiak, baina Etxalarrek, Igantzik eta Arantzak aberastasun gehiago izaten ahal dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun