Ladis Satrustegi

«Udalak dirulaguntzen menpe bizi gara eta horrek ez du epe ertainera programatzeko aukerarik ematen»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 8a, 10:00

Ladis SATRUSTEGI ALZUGARAI, 2019tik Lesakako alkate

«2.750 biztanlera ailegatzen ez den herria da Lesaka, gure ikuspuntutik ttikia, baina Nafarroako ikuspuntutik ertaina». Hitz horiexek erabili ditu Ladis Satrustegi Alzugarai Lesakako alkateak bere herriaz solasean hasi denean.

Aurkezpen horrekin batera, «alde zaharra nabarmendua» duela eta «naturak presentzia handia» duela gehitu du alkateak, baita «mendiaren eta herrigunearen arteko oreka» azpimarratu ere.  

Aurten «normalean baino aurrekontu haundixeagoa» izanen dutela ere kontatu du, «inbertsio dezente» egin behar dituztelako. Zehazki, 6.224.462,21 eurokoa izanen da. Eta bertze datu bat: udalak 15 langile ditu, Andra Mari zahar etxean 26 dira eta Oilartegin [kiroldegia] 11.

Erronkak

Herriak dituen erronkez ere mintzatu da alkatea, eta, bertzeak bertze, «etxebizitzaren arazoa» aipatu du: «Udalak, momentu honetan, konpetentzia gutti ditu arazoa konpontzeko. Gauza batzuk udalaren esku egon daitezke, baina arazoa aunitzez haundiagoa da».

Horrekin batera, «Arcelor Mittalen egoerak kezka» sortzen diela onartu du: «Lesakako lantegiak ez du lehenago zuen martxa. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea indarrean du eta Arcelorren inguruan bertze enpresa eta autonomo aunitz mugitzen dira». Alde horretatik, «bidegurutzean» daudela dio, «zer pasatuko den jakin gabe». Nafarroako Gobernuaren atea ere jo dute, eta «EH Bilduri esker industrian azterlan bat egiteko akordioa egin dugu. Lesakako etorkizuna alde batera edo bertzera erabakitzen ahal du».

«Komunitatea egitea, saretzea eta jendeari udal erabakietan eta herriko garapenean parte hartzeko aukera ematea gure ardura da»

Hirugarren erronka «parte hartzeari lotua» dute. «Komunitatea egitea, saretzea eta jendeari udal erabakietan eta herriko garapenean parte hartzeko aukera ematea gure ardura da». Horretan ari dira, bertzeak bertze, «foroak sortuz». Kontent da «gero eta jende gehiago» hurbiltzen delako, baina bere hitzetan, «oraindik bada lana eta hori egituratzen segitu nahi dugu».

Hortik aparte, «hirigintza plana berritu» nahi dutela gaineratu du, eta «Nafarroako Gobernua Lesakako saihesbidearen proiektua idazten» ari dela esplikatu du. Garraio publikoa ere hartu du hizpide, «gure ardura da Nafarroako Gobernuari garraio publikoaren kudeaketa hobea egin dezan exijitzea»; eta azkenik zaintzaz aritu da: «Zaintza aukera bat bezala planteatu beharko genuke, oraindik arazo haundiagoa izaten hasi aitzinetik. Herri ttikietan, oraindik bada zaintzari begira komunitate izaera haundixeagoa, baina komunitate hori indartu nahian ari gara».

Baliabide aldetik ongi

Gainerakoan, «eguneko martxarako Lesakan nahiko baliabide» dituztela iruditzen zaio Satrustegiri. Zerbitzu aldetik ez daude gaizki: «Futbol zelaia, kiroldegia, kultur etxea, liburutegia, musika eskola, lau frontoi, haur eskola, eskola, ikastola, zahar etxea, dendak, osasun zentroa…». Bere hitzetan, «Lesakak, herri bezala, badu behar duen guzia. Herri ona da bizitzeko, atsegina eta mugimendu haundia duena, gehienbat asteburuetan».

«Lesakak, herri bezala, badu behar duen guzia. Baina beti bada zer hobetu»

Hala ere, «beti bada zer hobetu». Eta bide horretan, «etorkizunera begira», hirugarren sektoreak sortzen dien «kezkari» erantzun nahi diote: «Atal horretan belaunaldi erreleboa dugun arazo haundiena. Orokorrean, jendea saiatzen da bertan kontsumitzen. Pandemia garaian ikusi zen bertakoen balioa zein den. Izanen da oraindik ere zer hobetua bertakoari balio gehiago emateko, baina oraindik bertakoarengan sinesten dugu». Arazoa bertzelakoa da, eta gaia esku artean dute: «Egoerari buelta eman nahian, hirugarren sektoreko mahaiarekin lanean ari gara».

Horrekin batera, «laguntza gehiago» eskatu dio Nafarroako Gobernuari: «Baliabide ekonomikoak dira udalaren jarduna markatzen dutenak. Udalak, orokorrean, dirulaguntzen menpe daude eta horrek ez du epe ertainera programatzeko aukerarik ematen. Urtetik urtera zalantzekin aritu behar…».

Bertzetik, herri ttiki zein haundiek «arazo bertsuak» dituztelakoan dago: «etxebizitza, garraioa… eta aktibazio planarekin elkarri laguntzen saiatzen ari gara». Baina hortik aparte, «herri ttikien eta haundien artean aldea» sumatua du; urrutira joan gabe, «udaleko martxan. Herri bakoitzeko udal ordezkarien egoera diferentea da eta aunitzetan auzolan erraldoi bat bihurtzen da gure jarduna, batez ere liberatuak ez dauden horientzat».

Euskara

Euskararen egoerari erreparatuta, berriz, «Lesaka arnasgunea» dela oroitarazi du: «Herri euskalduna da eta bada euskaraz bizitzeko aukera, nahiz eta batzuetan baden ‘gure hizkuntza erdara da eta erdaraz ari behar dugu’ erraten dizun jendea». Eskualdetik kanpo «administrazio publikoarekin aunitzetan erdarara jo» behar izaten dela aipatu du. Eta hortaz, ezinbertzekotat jo du «lanean» segitzea: «Oldarraldiak noiznahi izaten dira eta ez badugu kontra egiten, badakigu nola bukatuko den».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun