Gitarra bizkarrean agertu dira Olaia Inziarte eta Jokin Pinatxo TTIPI-TTAPArekin Berako Kultur Etxean egindako hitzordura. Nabari da lagunak direla, elkarrizketa hasi aitzinetik eta bukatutakoan gustura aritu baitira solasean. Lehen diskoko bira bukatu berritan ondu du Lore bigarren lana Pinatxoren Janus Lester taldeak. Inziartek, berriz, urtebete baino gehiagoko etenaren ondotik karrikaratu du Zerrautsa.
Diskoa argitaratu berri duzue. Zer moduz zaudete?
Jokin: Kontent. Hagitz urduri nengoen diskoarekin. Kontsulta ttiki bat egin nuen galdetuz nire inguruko jendeak zer esperoko zuen Janus Lesterren bigarren disko batetik eta denek erraten zuten disko hagitz dantzagarria espero zutela. Bukatua genuen eta banekien ez zela hori. Lasaitasun puntu batetik egin nuen, horren beharra nuelako, eta nik uste harrera ona izan dela, aurrekoarekin baino kontentago gelditu naiz. Kontzertuetako harrera ere espero baino hobea izan da eta haur bat bezala disfrutatzen ari naiz.
«Kristoren beldurra nuen, baina fabore haundia egiten didaten gauza on aunitz ekarri dizkit diskoak»
Olaia INZIARTE
Olaia: Ni ere arras kontent nago, niretzat zen disko bat arras arriskatua, arras gordina delako. Beldurra ematen zidan maite dudan jendeak aditzea gauza batzuk, lehendabiziko audioa eta azkena, adibidez. Ingurukoek erraten didate diskoa buklean aditzen ari direla baina bi horiek saltatuta, sobera gogorrak egiten zaizkielako. Arriskatua zen, baina aldi berean eskertu dut Zerrautsa kanta izatea lehenengoa. Zerrautsan gauza guzti horiek sartu ditudanez, derrepentean jendeak zentzuz hartu du niregana hurbiltzeko modua, kazetariek ere bai. Hori izugarria izan da. Kristoren beldurra nuen, eta fabore haundia egiten didaten gauza on aunitz ekarri dizkit.
Eta musikalki?
Olaia: Tripaki aunitz dituen diskoa da. Entzuleak kantu horietara irekitzeko tarte bat hartu behar du, eta jendea horretara irekitzea aunitz eskertzen dut. Iruditzen zait egunerokoan ez dugula denborarik mundu emozionalean sakontzeko, eta kantu batzuek horretan laguntzen ahal badute, hobe.
Olaia, izen propioz agertzen zara jendaurrean, Jokin, Janus Lester izenpean. Nola banatzen dituzue oholtza gaineko izateak eta zuek?
Jokin: Nire kasuan ez da hainbertze aldatzen. Zaintzen ditut eszenatokian edo publikoan gauza batzuk bertze egoera batean hainbertze zainduko ez nituzkeenak. Ez dut uste Janus eta Jokin hain diferenteak direnik. Hasieran diferenteagoak ziren, baina urduritasunagatik. Orain erosoago nago. Nahiko urduria izan naiz beti jendea ezagutzerakoan, harreman berriak egiterakoan. Eszenatokian ez, justu kontrakoa, ez naiz inoiz jarri bereziki urduri. Hasieran gehiago markatzen nuen distantzia hori eta orain segurtasun gehiago dut neure buruarengan.
Olaia: Nik ere aunitz ikasi dudanaren sentsazioa dut eginez joan ahala. Hasieran ez dakizu sobera ongi nola gestionatu jende berri horrekin zauden momentua. Igual disoziatua zaude, momentu hori aitzinera ateratzen eta listo. Baina ikasten joaten zara. Nire izen propioa erabiltzeak ematen du erakusten dudana pertsona dela. Eta ez, pertsonaren alde bat da, erakusteko prest dagoena, baina gero bertze bat dago zuretzako gordetzen duzuna.
«Ez dut uste Janus eta Jokin hain diferenteak direnik. Hasieran diferenteagoak ziren, baina urduritasunagatik»
Jokin PINATXO
Musika sortzen ari zaretenean, nolakoa izaten da zuen sormen prozesua?
Jokin: Kantaren arabera aldatzen da. Beti edo ia gehienetan buruan melodia batetik hasten naiz. Intuitiboki ateratzen zaidan lehen pausoa da, eta orokorki, kanta denak egiten ditut osorik letrarik gabe eta bandarekin ere horrela entseatzen ditut. Egiazki kontent nagoenean melodiarekin, orduan hasten naiz hitzak bilatzen. Horrela egiten dut hitzak bilatzea delako gehien kostatzen zaidana, bai musikan eta baita bizitzan ere. Zenbat denbora? Batzuetan hagitz agudo, adibidez, idatzia dudan garrantzitsuenetako bat osabari egindako Udazken egun hura da eta hiru lau egunetan egin nuen, baina Maitasuna tabu edo Dap dap egiten ez dakit zenbat denbora eman dudan ere.
Olaia: Nik ere ideia bat izaten dut. Aunitz izorratzen dit arratsean etortzen zaidala, eta nire ustez nire kantarik arrakastatsuenak bidean galdu dira lo egitea erabaki dudalako.
Jokin: Gauez sortzen duzu?
Olaia: Ez, gauez lo egiten dut. Nahiko problema izan ditut dagoeneko loarekin.
Jokin: Nik normalki gaueko ordutegia izaten dut. Loreko kantak goizeko bortzetan sortuak dira.
Olaia: Erabaki dut ez dudala nire ordutegia hainbertze aldatu nahi. Ezin naiz goizeko bortzak arte erne egon, zakurrak zazpietarako iratzarriko nauelako. Normalki arratsaldean sortzen dut; ideia bat etortzen zait eta zuzenean grabatu behar dut. Llamada divina deitzen diot. Astia, gogoa eta baliabideak baldin baditut, eta instrumenturen bat grabatzeko, kanta goitika bota eta gero hasten naiz fintzen, erreskatatzen. Ondotik, taldearekin entseguetan, denak zirkuluan jartzen gara eta ideia lantzen hasten gara. Sonoritatea lantzen dugu, kanten erreferentziak eramaten ditut, eta musikari bakoitza probatzen joaten da, eta normalean beraiek espero ez dutena izaten da niri gustatzen zaidana. Kanta sortu ondotik letra egitearena liluragarria iruditzen zait.
Jokin: Zuk hasieratik egiten duzu?
Olaia: Melodiarekin hitzak aldi berean ateratzen zaizkit. Letra da akitzen dudan azkena, eta arras exijentea naiz horrekin. Niretako arras inportantea zen diskoak izatea letra eduki bat ona kontsideratuko nuena.
«Niretako arras inportantea zen diskoak izatea letra eduki bat ona kontsideratuko nuena»
Olaia INZIARTE
Kolaborazioak ere bildu dituzue. Olaiak Natxo de Feliperena, Jokinek Izaro eta Neomakena. Zer ematen diote diskoari?
Olaia: Iruditzen zitzaidan disko hain intimo bat, errezelo pixka bat nuela niretzat hain sakratua izan den hori uzteko. Pentsatu nuen: «Egon behar da ez dakit nor estrofa hau kantatzen?». Kontatzen dudana hain nirea da, arras delikatua iruditzen zaidala bertze pertsona batek kantatzea, jakin gabe min horretan egon den edo ez… Lehen diskoan baziren lau kolaborazio, aunitz eman zidatenak, eta nahiz eta esperientzia gustatu, sentitzen nuen arriskatu nahi nuela. Aldi berean, kolaborazioek entzule gehiagorengana irekitzen zaituzte. Egia da, egiazki beldurra ere banuela jende gehiagorengana ailegatzera. Sinpleki igual diskoa inork ez aditzea nahi nuen. Fase batzuetan hori pentsatu dut: «Espero dut inork ez aditzea, horrela badut aitzakia inork ez aditzeko eta ez da nire ardura». Gero, noski, nahi duzu jendeak aditzea eta jendea kontzertuetara etortzea, baina holako momentuak ere izaten dira.
Baina egin, egin duzu.
Olaia: Natxo de Feliperekin egin dugun kantu honen melodia aspalditik nuen. Nahiko nostalgikoa naiz, eta musika utzita egon naizen denboraldi horretan, aunitz aditu dut lehenagoko musika eta Oskorri. Oskorriren kantagintza uste dut denen bizitzetan presente egon dela eta kristoren lana egin dutela. Horri keinu egin nahi nion, baina letra batean erakusten ahal zena kanta hori kantatzea beretzat eta niretzat ez dela iguala, eta kantu berak ez duela berdin okupatzen bere belaunaldian eta nirean. Kanta egin nuen beregan pentsatzen: «Kantu bat izango balitz Olaia feat Oskorri, nolakoa izanen litzateke?». Kantua eginda, Natxoren kontakturen bat bilatzen hasi nintzen. Estudiora etorri zen, letrak gorriz zuzentzen aritu zen… fantasia hutsa. Badut oroitzapena estudioan bera kantuan egotea eta ni ondoan negarra ezin kontu… Denon bidelagun izan den Euskal Herriko ahots bat da, eta izugarria da ikustea oraindik ze ahotss duen, eta nola hasten den kantatzen bigarren ahotsak eta. Opari bat izan da harreman hori sortu izana berarekin. Amets bat.
Jokin, zuk bi kolaborazio egin dituzu.
Jokin: Biak kantak grabatu eta gero etorri ziren. Ohitura dut nire ahots kapak grabatzeko eta nahi nuen Etxean kantak izatea sentsazio hori aitzinera joaten ari zarela baina taldean, ongi inguratua. Ezin nuen ulertu hori kantatzen aritzea eta ahots guztiak nireak izatea. Zentzu aunitz zuela ikusi nuen pertsona bakarrari deitu beharrean Neomak taldeari deitzea. Segidan animatu ziren, estudiora etorri eta nire kapak kendu eta beraienak sartu genituen.
Izarorekin 'Nola hartu arnasa' kanta egin duzu.
Jokin: Aunitzez ere naturalago izan zen. Izaroren fana izan naiz aspalditik. Hagitz hunkigarria izan zen bere Cerodenero diskorako Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen kantan kantatzea. Profesionalki hainbertzeko arreta piztu izan didan artista batekin lan egitea sekulako zortea kontsideratu nuen, eta oroitzen naiz kontatu zidala kantu hori ibili zuela bere garai bateko min batzuk sendatzeko. Justuki Nola hartu arnasa da nire diskoko kantu hori, eta zoragarria iruditu zitzaidan zirkulu hori ixteko. Bi kasuetan kantak bukatuak zeuden, baina Neomak eta Izaro sartu direnean aldatu egin dira. Ez bakarrik ahots berri bat direlako. Polita da kolaborazio batek kanta berea bihurtzen duenean, eta ez estrofa dagoen bezala kantatzean: «Nik kolaborazio bat eskaintzen dizut kanta nirea bezain zurea izateko». Uste dut hori bi kasuetan gertatu dela eta horretarako espazioa eman diedala.
«Uste dut Beran kristoren zortea dugula. Ikasteko hainbertze iturri eduki izanak egin dute ni gaur naizena»
Jokin PINATXO
Arteari, irudiari, garrantzia haundia ematen diozue. Zer bilatzen duzue horren bidez?
Jokin: Gauza aunitz. Sentsazioa nuen, lehen diskoa egin nuenean, inolako pretentsiorik gabe izan zela, atera eta listo, aunitzez gehiago landu gabe zer transmititu nahi nuen edo kontzeptuan zer irudi eman nahi nuen. Uste dut kantak, mezuak, baduela garrantzia baina zerbait publikoa bihurtzen den momentuan, irudi hori zure mezuaren eskutik joan behar dela. Irudi bat bilatu nahi nuen, eta hau ez da broma, baina hemendik 20 urtetara, diskoa ikustean, pentsatzea zentzu guztia zuela lorez inguratzea. Egiazki uste dut eskaintzen ari naizen zuzeneko eta produktu honek baduela zentzu gehiago. Aunitz baloratzen dut Zarauztik Bilbora bakoitzak 15 euro ordainduta gu ikustera joaten den bikote bat eta uste dut merezi dutela zure alderdirik onena zure aspektu guztietan. Ez bakarrik kantatzerakoan, baizik eta irudi on batek gehiago aberasten ahal badu zuk kanta bidez sortuta hori, horrek ere laguntzen duela. Promozio hutserako bada, edo irudi guay bat izateko, ibiltzen ahal duzu eta behar duzu, erremintak direlako, baina uste dut berezko funtsa dela irudiz transmititzea kantetan idatzi duzuna.
Olaia: Uste dut sortzen dugula edo sortu nahi izaten dugula laguntzen duen ekosistema bat. Garrantzi haundiena duena musika da, baina, baliabideak baldin baditugu arte edo irudi guay batekin laguntzeko… Zerbaitegatik dago jendea horretan lan egiten duena eta hori zaintzen duena, eta ahal baduzu elkarlanean ibili jende horrekin emaitza osoago bat lortzeko, guay dago. Lehen beharbada ez zegoen horretarako beharrik, baina gaur egun sareekin eta, irudi bat behar duzu eta lagundu egiten du. Alde artistikoaz haratago badu alde laboral bat ere, laguntzen dizulako ailegatzen jende gehiagorengana. Orain Janus Lesterren Lore aditzen baduzu, kolore gorrira eramaten zaitu.
Belaunaldi berekoak zarete, geografikoki elkarren hurbilekoak, ibilbidea ere bateratsu hasi zenuten… Segitzen duzue elkarren pista?
Jokin: Bai, lehen diskoa baino lehen ere bai.
Olaia: Eskualdean ez dago hainbertze jende musika egiten duenik. Musikari bezala adi zaude jendeak egiten duen horretara, ez bakarrik eskualdekoekin. Badago ardura bat enteratzekoa jendea zer egiten ari den.
Jokin: Eta gustutik ere bai.
Olaia: Bai, noski.
Jokin: Nik beti hartu dut gure kasua diferente bezala. Nafarroan, eta zehazki gure eskualdean, ez gara hainbertze gure adinekoak erdi bakarlari gisa ari garenak. Bakoitzaren lehen diskoko bira elkarrekin hasi genuen eta beti Olaia bera aunitzez hurbilago sentitu dut bertze edozein proiektu baino.
Olaia: Niretako ere bai. Eta polita izanen litzateke ikustea badagoela jendea bere etxean musika egiten saiatzen dena, ausartzen ez dena, eta igual hau ikusita animatuko dena.
Jokin: Orain Berako musikariekin eginen dugu kontzertu bat eta ni izanen naiz gazteena. Ze ederra izanen litzatekeen hemendik 20 urtera kontzertu bera egitea eta ni zaharrena izatea. Ziur egonen dela jendea eskualdean gu ikusi eta lehen ez zitzaiona okurrituko gitarra bat hartzea eta jotzea, eta orain pentsatuko duena badela posible hau egitea.
Olaia: Oxala.
Jokin, ezaguna da Beran dagoen musika ekosistema. Mugatu edo ateak ireki dizkizu?
Jokin: Mugatu seguru ezetz. Ezinezkoa da mugatzea, eta ateak ireki? Ireki dizkit aunitz ikasi dudalako Berako musikariengandik, etxetik hasita, Estitxurekin eta Pettirekin. Hagitz gaztetan hasi nintzen Berako bandan, eta hor dugu Igor Telletxea, zuzendari, eta aunitz fijatu izan naiz zer rol hartzen duen, nola saiatzen den lantalde bat eramaten, zer garrantzia ematen dien bandako hainbat aspekturi musikalak ez direnak… Joseba Irazokiren eta Joseba Baleztenaren hagitz fana naiz. Ikasteko hainbertze iturri eduki izanak egin dute ni gaur naizena. Uste dut Beran kristoren zortea dugula.
«Kontzertu bat bukatu eta lehen sentimendua izaten da merezi duela»
Jokin PINATXO
Baztanen horrelako ingururik ez dago?
Olaia: Ez. Ez dugu espaziorik, ezta azpiegitura gehiegirik ere. Autogestioaren bidez sortu da Zapatillera eta hor entseatzen dute talde aunitzek, baina horretaz aparte ez. Ez bakarrik entsegu lokalik, ezta kontzertuak egiteko toki gehiegirik ere, eta igual ez dago afizio hori ere. Bai sentitzen dut, eta hemendik barkatu, baina Elizondoko musika eskola hagitz zaharkitua dago: ikasteko eta erakusketako manerak hagitz zaharkituak daude, eta posible da horrek jendea nekatzea. Nere kasuan behinik behin horrela izan zen. Musikari gero hartu nion gustua, jendearekin jotzen edo etxean bakarrik ikasten, baina ez dut sentitzen Baztanen mugimendurik dagoenik.
Nola ikusten duzue hemendik aitzinerako bidea?
Jokin: Gehien disfrutatzen dudana eszenatokia da. Aunitzetan konturatzen naiz egunerokotasunean zer lan dagoen, zer presio, eta zurrunbiloan sartzeko zer gaitasun dugun. Baina kontzertu bat bukatu eta lehen sentimendua izaten da merezi duela eta aitzinera begira dudarik gabe gustatuko litzaidakeela jotzen segitzea. Gehien betetzen nauena da. Kantuak idazterakoan beti egiten dut haurra nintzenean Petti begiratzean, Joseba ikustean edo arreba Kursaalean kantatzen sentitzen nuen ilusio horretatik. Pentsatzen nuen: «Oxala zortea izatea sortzeko konexio hori publiko horrekin eta eszenatokiak markatzen dizun distantzia hori mozteko eta denak bat izateko». Gustatuko litzaidake Lore diskoarekin hurbiltasun hori sentitzea, eta egiten ditugun kantak izatea geltoki bat publikoan eta sortu dudan oasi ttiki hori jendearena izatea.
«Ez dut neure burua ikusten urte luzez publikoki eszenatokian, baina bai musika egiten»
Olaia INZIARTE
Olaia: Bigarren bidaia hau sentitzen dut proba bat dela neure buruarendako, azterketa bat, jakin nahi nukeelako ea posible den honetatik bizitzea, gauzak nire neurrira eginez eta ongi egotea. Badut autopresio hori, badakidalako posible ez dela ohartuz gero, kolpe bat izanen dela. Aldi berean, eszenatokia ez da nire toki gustukoena, estudioa da. Ez dakit zer puntura arte segitu nahiko dudan kantatzen eszenatokietan, arras gaizki pasatzen dudalako aitzinetik eta gero, eta ez dakit posible dudan hori disfrutatu. Ez dut neure burua ikusten urte luzez publikoki eszenatokian, baina bai musika egiten. Aldi berean, sentitzen dut mundu arras haundi bat dela, eta erortzen bada ez dela deus pasatzen. Animaliekin lan egin dezaket, eta musikak segituko du egoten nire bizitzan, baina ez ditut oraingo baliabideak izanen. Balantza horretan nago.