Elkarrizanek borondatezko 4.500 lanordu egin ditu Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 5a, 16:00

Elkarrizaneko kideetako batzuk Berako San Jose egoitzako egoiliarrekin.

Laguntza emaile taldeak 2024ko datuak jakinarazi ditu berriki eta horrekin batera zuzendaritza berritu du

Urtetik urtera indartzen ari da Elkarrizan Laguntza Emaile Taldea. Datuak dira horren erakusle. Gero eta boluntario gehiago dira –gaur-gaurkoz 71– eta boluntarioek behar duenari laguntzen pasatzen dituzten orduak ere bide beretik doaz, goiti eta goiti.

Konparazio batera, 2023an 2.910 ordu kontatu zituzten, eta 2024an 4.501 ordu. Hortaz, urte batetik bertzera borondatezko lanean pasatutako ordu kopurua % 50 hazi zen. Elkarrizan taldeak berriki egin du batzar orokorra eta horren harira jakinarazi ditu datuak. Kontatu duenez, «goititze hori Elkarrizanera boluntario gehiago biltzearekin eta garraio zerbitzuko hamahiru lagunen parte hartzearekin lotua dago».

Boluntarioek zahar etxeko egoiliarrekin pasatzen dituzte ordu gehien: paseatzera ateratzen dituztenean, kantatzera joaten direnean edo bertzelako irteerak egiten dituztenean.

Elkarrizanen hitzetan, «jarduera horiek ezinbertzekoak dira egoiliarrei bizi kalitate hobea emateko, haiei konpainia eginez eta sozializaziorako aukerak emanez. Boluntario lan horrek bakardadea arintzeaz gain, parte hartzaileen ongizate emozionala eta autoestimua indartzen ditu». Gainerakoan, Lesakan eta Beran ongi errotua den laguntza emaileak oroitarazi du «laguntza programa berriak sortzen, boluntario sarea zabaltzen eta tokiko bertze erakundeekin lankidetza sustatzen» ari nahi duela, eta «boluntario izan nahi dutenentzat ateak irekiak» dituztela ere azpimarratu du.

Zuzendaritzan aldaketa

Elkarrizan taldeak zuzendaritza batzordea ere berritu du. Hala, taldea sortu zutenetik koordinatzaile izan den Alfonso Obesoren eta lehendakariorde izan den Maribel Abrilen partez, Julio Salinas eta Maria Jesus Mariezkurrena sartu dira zuzendaritzan. Bidenabar, Elkarrizanek «eskerrak» eman nahi izan dizkie Obesori eta Abrili «taldearen alde egindako lan bikainagatik eta erakutsitako inplikazioagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun